Saharako haima bat jarri zuten Bergaran Komite Internazionalistek

Eneida Iturbe 2004ko eka. 21a, 11:37
Saharar herriaren gaineko astea egin dute Bergaran; ekimen horri amaiera emateko postuak eta haima bat egon ziren plazan

Saharar herriak bizi duen egoera hobeto ezagutzeko aukera izan zen pasa den astean Bergaran. Komite Internazionalistek erakusketa, hitzaldia eta diapositiba emanaldia antolatu zituzten, Sahara aske lelopean. Asteari amaiera emateko herriko plazan haima bat jarri zuten; bertan hango tea dastatu eta hennarekin tatuajeak egiteko aukera izan zen.

Saharako produktuak

Gainera, Saharako produktuak eta Komite Internazionalisten materiala izan ziren salgai. Panel batzuk ere jarri zituzten plazan Saharar herriaren gaineko informazioarekin: gatazkaren zergatiak, eguneroko bizitza kanpamenduetan, hezkuntza mailan egindako aurrerapena…

Material gehiago ere ikusgai jarri nahi zuten, baina euria ziharduenez, plazan ordez, udaletxe azpiko aterpean antolatu behar izan zuten erakusketa eta ez zegoen guztiarendako lekurik.

Jende ugari

Jende ugari ibili zen plazan. Askok haimaren azpian aurkitu zuten aterpea, eta sahararrek harrera ona egin zieten. Kanpamenduetako haimetan egiten duten bezala, tea eskaini zieten gonbidatuei. Ermuan eta Oñatin bizi diren sahararrak izan ziren Bergaran eta nahi adina azalpen eman zizkieten haimara hurbildu zirenei.

Antolatzaileak gustura geratu dira astean zehar egindako ekintzekin, “hitzaldietan jende ugari izan da, eta igartzen da Saharar herriarekiko sentimendu berezia dagoela hemen”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak