Bergara dantzan ipini zuten 200 lagunek erromeria giroan zapatuan

Irati Agirreazaldegi 2004ko eka. 14a, 10:50
Abarka Dantza Taldearen deiari erantzunez 200 dantzari inguru ibili ziren herriko kaleetan. Erromeria giroa herrira zabaltzea zen antolatzaileen asmoa, eta gustura geratu ziren emaitzarekin.

Abarka Dantza Taldearen deiari erantzunez, abarkak eta okasiorako jantzi dotoreak soinean zituztela hainbat dantzari azaldu ziren goizean San Martin plazan erromerian parte hartzeko gertu.

Soinurik ezean, ordea, zaila da dantza egitea, baina trikitilariek ere ez zuten hitzordura hutsik egin. Jardun elkarteko trikitilariak 20 eta kanpotik etorritakoak beste horrenbeste.

Bertsolariek eman zieten hasiera Bergara Dantzara! egitasmoari. Plazan, Enaitz Alustiza eta Iñigo Arzelus bergararrek, Jokin Labayen arrasatearrak eta Manex Agirre aramaioarrak bina bertso bota zituzten.

Herriko kaleetan

Bi taldetan banatu eta herriko kaleetan gora eta behera, dantza eta soinu ibili ziren gero. Batzuek Mizpirualdera egin zuten bisita, Aitonetara besteek, eta 13:30ak jotzerako berriz ziren San Martin plazan.

Bertan, Moises Azpiazu dantza taldeko txikiek, Irungo Meakako nagusiek eta Abarka taldeko gaztetxoek dantza erakustaldia egin zuten Epelde eta Larrañaga eta Zabale eta Berastegiren doinuak lagun zituztela.

Baina dantzariek ere pausoak ganoraz egingo badituzte atsedena ere behar dute, eta horrela egin zuten gero, bazkaltzeko tarte bat hartu. 200 lagun inguru, dantzari eta trikitilari, denek batera bazkaldu zuten seminarioan. Bazkariak on egin zien itxuraz, eta atsedenaldia ia ezerezean geratu zen, platerekoa amaitu orduko berriz ere gertu baitziren dantzarako. Mahaien bueltan arin-arin, fandango eta kalejira nahikoa egin zuten bazkalostean.

Dantza Saioa plazan

Dantza eta erromeria giroa kaleratzea zen, ordea, egitasmoaren helburua. Beraz, herriko plazan dantza saioa izan zen gero. Trikitilari eta dultzaineroak arduratu ziren musikaz eta goizean kalerik kale ibilitako dantzariei herritarrak gehitu zitzaizkien.

Egun borobila izan zen dantza eta erromeria-zaleentzat, eta antolatzaileak gustura geratu ziren, herritarrak ere dantzara animatu zirelako. Edozelan ere, Abarka taldeko Juantxo Urbietaren esanetan, “orain dela bi urte Bergaran egin zen erromeria eta baita aurten ere, baina guk inguruko herrietara zabaldu nahi genuke, ez da derrigorra beti Bergaran izatea”.

Harrobia

“Erromeria beheraka doa, eta horrelako gauzak antolatu behar dira, bultzatu nahi bada behintzat. Bestalde, gurasoei dei egin nahi diegu umeak dantzara ekartzeko, harrobirik ezean galdu egingo baita dantza askaturako zaletasuna. Hala ere, entseguetarako lokal beharrean gaude”, esan zigun Urbietak. Bestalde, aukera aprobetxatu nahi izan zuten lagundu duten guztiei eskerrak emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak