'Bergara dantzara!' erromeria zapatuan, ekainaren 12an

EduMendibil 2004ko eka. 9a, 14:28
Orain dela bi urte Jalgi hadi dantzara erromeriak izandako arrakasta ikusita, Abarka dantza taldeak, Xamatz taldearen laguntzaz, Bergara dantzara! jaialdia antolatu du zapaturako, ekainak 12. Antolatzaileek 500 bat dantzari biltzea espero dute zapatuko erromerian.

Juan Mari Baseta Abarka dantza taldeko presidentearen esanetan, “orain dela bi urte oso harrera jaso genuen, 400 bat lagun etorri ziren eta eguraldiak bakarrik huts egin zigun. Eguraldi kaskarra izan genuen orduan. Ea zapatuan jaiaz disfrutatzeko aukerarik daukagun. Bergarako jendearentzat zein kanpotik etortzen direnentzat egun ederra izatea nahi dugu. Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat talde etorriko dira; 500 bat dantzari elkartzea da gure asmoa. Edozein modutan, azken momentura arte ezin da jakin zenbat jende etorriko den”.

Antzinako jantziak

Dantza-zale, dantzari eta musikariei harrera egingo diete 11:00etan, Seminarioan, eta ondoren herri osoan zehar kalejirak egingo dituzte, bi taldetan banatuta: batzuek Matxiategi aldera joko dute eta besteek Espoloi aldean eta herri barruko kaleetan barrena izango dira dantzan. Antolatzaileek zera eskatu diete partaideei: ahal izanez gero antzinako baserritarren erara jantzita etortzeko, garai bateko erromerietako giroa berreskuratzeko asmoz. Jantzirik dotoreenak dituztenendako sariak izango dira bihar. Eguerdian, 13:30ean, San Martin plazan elkartuko dira partaideak eta han dantza ikuskizuna eskainiko dute. Ondoren, herri bazkaria izango da Seminarioko patioan. Oraingoz, 280 lagun inguruk egin dute bazkarirako izenematea.

Arratsaldean, erromeria

Arratsaldean, berriz, Epelde- Larrañaga eta Zabale-Berastegi trikitilariekin eta Konde eta Garikoitz dultzaineroekin erromeria egingo da San Martin plazan, 18:00etan hasita. Eta, bukatzeko, triki-poteoa izango da herriko kaleetan, 20:00etan, jaiari bukaera emateko. Zapatuko dantza saioetan ahalik eta jende gehienak parte hartzea da antolatzaileen asmoa. Hori dela eta, azken asteotan Juantxo eta Janire Urbieta aita-alabak dantza ikastaroak eskaini dituzte Bergaran. 60 bat lagunek hartu dute parte ikastaroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak