Espero zen moduan Zabaleta izan zen azkarrena Gorlan

SaioaIgartua 2004ko eka. 7a, 10:45
Zabaleta BMW Lola Diamante autoarekin nagusitu zen igoeran, eta 02:28,27ko denbora nahikoa izan zuen ibilbidea egiteko.

Bergaran, Gorlara bideko mendi malda eta bihurguneak jendez bete ziren zapatuko igoeraz gozatzeko. Gainera, eguraldia ere lagun izan dute bai zaleek bai pilotuek aurtengo 14. edizioan.

Guztira 59 pilotuk hartu zuten parte, baina 47k lortu zuten helmugako marra igarotzea. Izan ere, istripuak ere egon ziren eta auto batzuek lasterketa utzi behar izan zuten. Hala ere, gertatutako istripu aipagarrienak ez zuen ondorio larririk izan. Lasterketa hasiera izan zen ezbehar horren lekuko. Iker Olabarrietak gidatutako autoa irauli egin zen, eta lasterketa momentu batean geldituta egon zen, baina zorionez, pilotuak ez zuen kolpe larririk jaso eta lasterketak arazorik gabe egin zuen aurrera.

Vilariño txapelketatik at

Aurtengo ekitaldian polemikarako tokia ere egon da, antolatzaileek ez diotelako Andres Vilariñori parte hartzen utzi. Azken urteotan beti eman izan du izena, baina azken momentuan ez du parte hartu. Horregatik antolatzaileek ez zuten Vilariñoren parte-hartzea ziurtatuta, eta ez zioten izenematea onartu. Horrek pilotuaren haserrea ekarri du.

Zabaleta txapeldun

Iragarpen guztiek zioten moduan, azkenean Aitor Zabaleta izan zen Gorlako igoeran azkarrena; bere BMW Lola Diamante autoarekin egindako denbora 02:28,27 izan zen.

Bigarren tokian Montxu sailkatu zen; Zabaletak baino hamaika segundo gehiago behar izan zituen igoera betetzeko, eta bere denbora 02:39,15 izan zen.

Hirugarrena Jesus Santamaria izan zen, eta bere denbora 02:39,23 izan zen, bigarren sailkatuak baino zortzi milaren gehiago behar izan zituen. Azken bi sailkatuek F-3 formulako autoak erabili zituzten; lehen hirurek zituzten auto indartsuenak, eta hori argi gelditu zen.

Igoeraren ondorioak

Gorlako bidean jende ugari bildu zen, eta urtero Gorlako igoeraren ostean inguru guztia zaborrez beteta gelditu ohi da. Jendea autoen lasterketaz gozatzera joaten da, baina gero ez da lekua zegoen bezala uzteaz arduratzen. Hala ere, aurten egoerak hobera egin du eta ingurua ez da hain kaskar gelditu. Ea datorren urtean dinamika horrek jarraitzen duen. Hori bai, paperontziak jartzea egokia izango litzateke.

Azkenik, esan, Gorlako igoera ikustera hurreratutakoek adierazi zutela sarreren prezioak garestiak iruditu zitzaizkiela. Izan ere, pertsonako zortzi euro balio zuen igoera ikusteko sarrerak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak