Udal eta Foru langileen laneko harremanak EUFALEBA hitzarmenak arautu izan ditu azken 20 urteotan. 2002ean, ordea, ez zen adostasunik egon sindikatua eta EUDELen artean. Udaleko enpresa komiteak helarazitako oharrean dioenez, "akordiorik ez zegoela eta, alderdi politikoen artean adostuta (PNV, EA, PSE, PP) bi urterako lan baldintzak inposatu zizkiguten, dekretu bidez."
Aurtengo konbenioa negoziatzen hasteko, EUDELi ondoko baldintzak ipini zizkioten Udaletako langileek:
- Alderdi politikoekin elkarrizketak izatea.
- Negoziazioa utzitako lekuan hartzea, 2002ko egoeran, hain zuzen ere.
EUDELek ez du aldeko erantzunik eman eta, ondorioz, ELA eta LABek ez dute parte hartzen negoziazio mahaian.
Bergaran ere mahairik ez
Bergarako Udalean, otsailean, Enpresa Komiteak negoziazio mahaia zabaltzeko eskaera egin zuen. Alkatearekin izan ziren negoziazio mahaiaren inguruan dituen asmoak jakiteko. Alkateak esan zien EUDELen ildotik jarraituko zuela eta ez zuela asmorik negoziazio mahairik zabaltzeko.
Udaleko Enpresa Komiteak lan baldintzak negoziatu nahi ditu Udalean. Alkateak ezetzaren ondoren, lanuzteak egitea erabaki dute.
Langileen aldarrikapenak
Langileen hitzetan, hutsune handienak enpleguan eta soldatetan daude. Hori dela eta, ondorengo eskaerak egiten dituzte.
- Soldataren igoera langile guztientzat, KPI + 600. 18.200 eurotako gutxieneko soldata.
- Lan-baldintzak berdintzea, "zabor-kontratuek" eragiten duten ezegonkortasuna saihesteko.
- Azpi-kontratazioak alde batera utzi eta apustu irmoak egitea zerbitzu publikoaren kudeaketan eta lan-baldintzetan eragina izateko.