Gorlako Igoera jokatuko da zapatuan, ekainaren 5ean

EduMendibil 2004ko eka. 2a, 14:40
Zapatukoa Gorlako Igoeraren 14. ekitaldia izango da. Bergara Racing taldeak antolatutako proban 62 partaide izango dira. Aitor Zabaleta dugu garaipena eskuratzeko faborito nagusia

Probarako entrenamenduak 16:00etan hasiko dira eta ondoren bi txanda jokatuko dira Gorlan: lehenbizikoa 17:30ean hasita eta bigarrena, berriz, 19:00ak aldera.

62 partaide

Esan bezala, garaipena eskuratzeko faborito nagusia Aitor Zabaleta (Lola Diamante) bergararra izango da. Lehengo urtean berak irabazi zuen Gorlan eta Euskal Mendiko Txapelketako aurtengo lehenbiziko proban ere nagusitu zen Zabaleta, Muñecas-en. Andres Vilariño (Reynard F-3000) ere etortzekoa da, baina azken urteotan uko egin dio parte hartzeari Gorlan, azken momentuan. Antolatzaileak nahiko haserre dira piloto donostiarrarekin. Ikusi behar zer gertatzen den bihar. Adolfo Posadak ere Reynard F-3000 autoarekin irtengo da Gorlan. Era berean, Ralt F-3 hiru formula izango dira, Jesus Santamariak, Rafael Bereinkuak eta Montxuk gidatutakoak hain zuzen. Partaideen artean motoen motorra duten hamalau speed car izango dira.

Debagoieneko hainbat piloto

Zabaletarekin batera, Debagoieneko beste hainbat ordezkari izango dira: Markel Agirre bergararra (Renault-5 GT Turbo); Aitor Ramirez (BMW 320 ST), David Ardions (Opel Kadett) eta Jose Angel Samaniego (Renault Clio Sport) oñatiarrak eta Emilio Huerta arrasatearra (Peugeot 306 GTI).

Aurreko urteotan gertatu den bezala, Bergara Racing talde antolatzaileek bihar jendetza handia biltzea espero du Gorlan. Sarrerak 8 eurotan jarriko dituzte salgai. Era berean, ibilbidean zehar antolatzaileen arauak betetzea eskatzen zaie ikusleei, inolako istripurik gerta ez dadin

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak