Azurrek Euskal txokoak serieko bere ekoizpen berriak aurkezten ditu erakusketa horretan. Argazkiak ikusgai eta salgai daude.
Bergarako hainbat txokoren bere ikuspegi pertsonala proposatzen digu Azurrek. Argazki gehienak gauez aterata daude, eta nabarmentzen dira orain dela gutxi izan zen ilargi eklipse gaueko edertasuna eta argi berezia aprobetxatuta ateratako zenbait irudi. Bestalde, herri barruko txokoak ez ezik, natura guneak ere irudikatu ditu.
Natura, gai gustukoena
Denetariko argazkiak egitea gustuko du Azurrek, baina natura paisaien irudiak ateratzen ditu gehien. Euskal Herri osotik ibili da gai horretako argazkiak ateratzen, Nafarroan batez ere.