Mizpirualden azpi kontratatutako langileen protesta

EduMendibil 2004ko api. 29a, 15:03
Mizpirualde Egoitzan Lending Service SL enpresak kontratutako langileek konbenio duin baten aldeko elkarretaratzeak egin dituzte astean zehar. Lending enpresaren bitartez 54 lagun dabiltza Mizpirualde Egoitzan lanean.

Bi eskaera nagusi egin dituzte Lendingeko langileek: alde batetik Mizpirualdeko langile guztien lan baldintzak parekatzea eta bestetik soldata igoera.

Lan baldintza eskasak

Nahiz eta Mizpirualdeko bestelako langileen funtzio berdinak egin, Lendingek kontratutako langileek gutxiago irabazten dute: 6.100 euro gutxiago klinika laguntzaileen eta harrerako langileen kasuan, 4.800 euro gutxiago sukaldeko pertsonalaren kasuan eta 2.700 euro gutxiago garbitzaileen kasuan. Bestalde, Lendingeko langileek salatu dutenez, ordutegi eta lanaldi gogorrenak egiten dituzte, 126 ordu gehiago batez beste. Horrez gain, egoitza bertako langileen opor zein bajak ordezkatzera eta asteburu zein jai egunetan lan egitera behartuta daudela adierazi dute.

Elkarretaratzeak egunero

Esan bezala, ELA eta LAB sindikatuek deituta, elkarretaratzeak egin dituzte aste barruan San Martin plazan, egunero 18:15etik 18:45era. Lendingeko arduradunekin hainbat bilera izan ostean, konbenioa sinatzeko negoziaketak geldi daude. Egubakoitzean, apirilaren 30ean, langileen ordezkariak eta Lendingeko arduradunak elkartzekoak dira. Negoziaketak aurrera egin ezean, mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute langileen ordezkariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak