Dena prest dago Pazkoetarako

EduMendibil 2004ko api. 27a, 14:47
Pazkoetako egitaraua ia prest dago. Herriko jaiak maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitartean ospatuko dira. Jaietako kartela Mª Paz Alustiza Larrañagak, pintore bergarrarak, egin du.

Kartel lehiaketa

Jarduerak, Kultur Taldeak, Jaiak eta Gazteria Batzordeak izendatutako epaimahaiak erabaki du dagoeneko aurtengo Pentekoste jaietako kartel lehiaketako irabazlea. Mª Paz Alustiza Larrañagak, pintore bergarrarak, egindako kartela izan da aukeratua.

Aurtengo jaietarako aurrekontua 110.000 eurokoa izango da. Udaleko iturriek esandakoaren arabera, aurrekontuak dezente egin du behera eta horren aurrean ez da egon aparteko ekitaldirik ekartzeko aukera.

Musika emanaldiak

Jaietako egitaraua azken urteotako programaren antzekoa izango da. Urtero legez, Bitorianatxoren jaitsierak emango die hasiera jaiei, maiatzaren 28an. Gauean, Aritzeta abesbatzaren 25. urteurrena ospatzeko, kontzertua izango da Udal Pilotalekuan. Aritzetarekin batera, Soraluzeko Ezozi abesbatza, Eibarko Sostoa, Bergarako Orfeoia, Gabero abesbatza, Orkestra eta Alai taldea izango dira taula gainean.

Rock musikak ere tarte berezia izango du Bideberriko kontzertuetan. Besteak beste, Pin Pan Pun Band, Arima Beltza, Non Servium edota Red Wine taldeek eskainiko dituzte kontzertuak. Gainera, San Martin plazan eta Espoloian dantzaldiak izango dira. Ekainaren 1ean Egan taldea izango da Plazan, esaterako.

Zezen Zaleak taldeak antolatutako zezenketa maiatzaren 30ean izango da eta, horrez gain, entzierroak izango dira. Barrakak Matxiategin jarriko dituzte. Bestalde, jaien azken egunean herri bazkaria egingo da San Martin plazan, azken urteotan moduan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak