Jerry A Poison Idea taldeko abeslaria Jamen egongo da etzi, hainbat komunikabidek esandakoa gezurtatuz

Leire Kortabarria 2004ko apirilaren 26a

Inguruko komunikabide batzuetan albiste faltsu bat agertu da egunotan: hain zuzen, Poison Idea talde estatubatuarreko Jerry A. abeslariak ez zuela etziko kontzertuan parte hartuko, Bergaran. Jam aretoak hori gezurtatu egin du.

Jerry A. abeslaria etzi Bergarako Jam aretoan egongo da Poison Idea bere taldearekin. Komunikabide batzuetan agertu da ez bera, ez eta Pig Champion gitarra jotzailea, osasun arazoak zirela-eta, ez zirela bira honetan Bergarara etorriko. Horren aurrean, Jam aretoak azaltzen du Pig Champion izango dela faltako den kide bakarra, baina ez Jerry A. abeslaria. Champion-en ordez, Andy Kessler The Gits taldeko gitarra jotzaileak parte hartuko du kontzertuan.

Poison Idea taldeak aditzera eman zuen Pig Champion kideak ezin izango zuela taldearen europar biran parte hartu. Ezin izango du Europara bueltatu, osasun arazoak eta bere gaur egungo bizimodua direla-eta, esan zuen taldeak. Izan ere, orain dela gutxi bihotz-taupagailua ipini behar izan diote.

Poison Idea Portland-eko punk taldeak, hortaz, Jamen joko du etzi, apirilak 28, 21:00etan. Kings of Punk-Record collectors are pretentious assholes bildumaren europar edizioa aurkeztera etorriko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak