Arostegi Jauregiko ate errenazentista Donostiara eraman dute, zaharberritzera

Gorka Etxabe 2004ko api. 22a, 15:59
Bergarako Arostegi Jauregiko ate errenazentista zaharberritzera eraman dute gaur. XVI.mendekoa da, eta adituen esanetan, Gipuzkoan dagoen mende horretako aterik garrantzitsuena. Bergarako Udalaren asmoa da, atea zaharberritzen dutenean Arostegi Jauregian egingo duten erakusketa aretoan jartzea, baina ez kalera begira.

Eguerdian eraman dute Bergarako Arostegi Jauregiko ate errenazentista Donostiara. Arostegi jauregia XVI.mendeko lehenengo erdiko hiri jauregia da. Atea da duen elementurik garrantzitsuena, 1532.urtekoa gutxi gorabehera. Ate errenazentista da, oso ondo landutako erliebeekin. Adituen esanetan, Gipuzkoan dagoen XVI.mendeko aterik onena da.

Azken urteotan erliebeak usteldu egin dira

Bere garrantzia kontuan izanda, sasoi baten Donostiako San Telmo museoan egon zen ikusgai. Azken urteotan, baina, jauregiaren atarian jarri zutenetik erliebeak desagertzen eta usteltzen joan dira.

Arostegi Jauregiko erakusketa areto berrian ikusgai izango da

Horrexegatik, Bergarako Udalak erabaki zuen zaharberritzea, eta gaur eguerdian eraman dute Donostiara. Hori bai, guztia egin dute kontu handiz. 5-6 hilabete egingo ditu Albaialde Donostiako errestaurazio etxean, eta gero, berriro ere, Bergarako Arostegin jarriko dute. Baina kalera begira beharrean, erakusketa aretoan izango da ikusgai.

Gogoratu, Bergarako Udalaren asmoa dela erakusketa areto bat jartzea Bergarako erdialdean dagoen jauregi horretako beheko solairuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak