Punta-puntako txirrindulariak izango dira gaur Bergaran

Goiena 2004ko api. 5a, 10:38
Lehen etapa (139 km) Bergaran hasi eta amaituko da. Asentzioko gaina erabakigarria izan daiteke. 17:15ak aldera amaituko da etapa.

Bergarak protagonismo berezia izango du gaur hasiko den Euskal Herriko Itzulian. Izan ere, bertan hasi eta bukatuko da itzuliko lehen etapa. Gainera, ibarreko zenbait herri eta mendatetatik igaroko dira gaur ziklistak.

Bergarako San Martin plazan hasiko da lasterketa, 13:45ean, eta 139 kilometro bete beharko dituzte txirrindulariek. Ez dute lan erraza izango, lau mendate izango dituztelako tartean: Itziar, Elosu, Deskarga eta Asentzio. Azken hau (2. mailako mendatea), 131. kilometroan, erabakigarria izango da ziurrenik. Irabazlea 17:15 aldera iritsiko da Ibargaraiko helmugara.

Itzuli menditsua

Lehen etapaz gain, martitzenekoa Bergaran hasiko da. Ohikoa denez bost etapa jokatuko dira. Itzulia bereziki gogorra izango da aurten. 765 kilometro eta 28 mendate gainditu beharko dituzte txirrindulariek. Egubakoitzean Lazkaon amaituko da itzulia eta orduan jakingo da nor izan den indartsuena. Urtero moduan, zaila da faboritoak nortzuk diren aurreratzea. Hala ere, Vinokourov, Valverde, Hamilton, Samuel Sanchez, Di Luca, Basso eta Jens Voigt kiniela guztietan daude. Iban Mayo iazko irabazlea ere ezin ahatz dezakegu.

Edozein modutan ere, emoziorik ez da falta izango eta zaleek goi mailako txirrindularitzarekin gozatzeko aukera paregabea izango dute. Festa borobiltzeko eguraldi ona iragarri dute datozen egunotarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak