Jorge Azantza izan zen esprintean ziklista azkarrena

Xabier-Urzelai 2004ko mar. 29a, 11:20
Eguraldi txarrak baldintzatu zuen atzo lasterketa. 131 ziklistak elurrari, hotzari eta behe-lainoari egin behar izan zieten aurre.

Caja Rural taldeko Jorge Azantza izan zen azkarrena atzo Gorlako igoeran. Altsasuko txirrindularia esprintean nagusitu zen, Gorlako aldapetan nahikoa sufritu eta gero. Gorlara igotzen zebiltzala Caja Ruraleko ziklistak lehia polita izan zuen Alfus-Tedes taldeko Ismael Estebanekin eta David Perezekin. Ahalegindu ziren talde bereko bi ziklistak Jorge Azantza atzean uzten, baina Altsasukoak ondo eutsi zuen, eta esprintean azkarragoa izan zen.

Goiz biribila izan zuen Jorge Azantzak, 23 urtez azpiko eta elite mailako txapelduna izateaz gain, mendiko saria ere berak eskuratu zuen-eta. Gainera, sailkapen nagusian ere Azantza bera dago lehenengo postuan.

Lasterketa laburragoa

Lasterketa goizeko hamarretan hasi zen Bergaran. Egiten zuen eguraldia ikusita, antolatzaileek ibilbide laburragoa egitea erabaki zuten, eta baita bete-betean asmatu ere. Goizeko hamarretan, Bergaran, termometroak bi graduko hotz-beroa erakusten zuen, eta Gorlan elurra zen. Ziklistek 43 kilometroko lasterketa egin zuten. Bergaratik Arrasaterako bidea hartu zuten, eta handik Eskoriatzara joan ziren.

Iragarrita zegoena baino lasterketa askoz motzagoa zela jakinda, txirrindulariek erritmo biziz egin zituzten lasterketako lehenengo kilometroak. Eskoriatzaraino batera iritsi ziren, eta Bergarara itzultzerakoan ere tropelean iritsi ziren denak. Argi zegoen Gorlako aldapek jarriko zutela nor bere lekuan.

Ziklistak Gorlako aldapak igotzen zebiltzala, Gorlako gainean antolatzaileek arazoak zituzten helmugarekin. Azkeneko bihurguneak ez zeukan itxura onik, ordurako elur apur bat zegoen-eta errepidean. Helmuga aurreratzekotan egon ziren, baina horrek ezer gutxi konponduko zuen. Ez zen aldaketarik izan, ezta arazorik egon ere. Hori bai, ikustekoa izan zen ziklistak zelako egoeran iritsi ziren helmugara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak