Lanbide Heziketa azokan izango da Migel Altuna

Julen Iriondo 2004ko martxoaren 23a

Martxoaren 26tik apirilaren 1era egingo dute Bilboko erakustazokan Lanbide Heziketaren gaineko bigarren azoka. Eusko Jaurlaritzak antolatuta, erkidegoko hainbat ikastetxek erakutsiko dute ze lan egiten duten eta euren ikasketek ze irteera duten.

Juan Jose Ibarretxe erkidegoko Lehendakariak inauguratuko du ostiralean Lanbide Heziketaren gaineko bigarren azoka. Eusko Jaurlaritzak antolatu du, Bilboko erakustazokan egongo da eta astebeteko iraupena izango du. Debagoieneko ordezkari gisa Bergarako Migel Altuna institutua izango da Bilbon.

22 familia; 140 ziklo

Azokaren helburua izango da Lanbide Heziketak erkidego osoan duen eskaintzaren berri ematea eta ikasketa horiekin ze lan-irteera dauden azaltzea. Horretarako 22 familiatako 140 zikloren gaineko informazioa emango dute. Bergarako Migel Altuna bi familiarekin joango da Bilbora, "Fabrikazio mekanikoa" eta "Kautxoak eta Plastikoak".

Bilboko azoka batez ere DBHko ikasleei eta hauen gurasoei egongo da zuzenduta. Hauei euren eskaintzaren berri emango diete familia desberdinetako zentroek, eta honez gain nola lan egiten duten ere erakutsiko diete erakustazokan bertan. Izan ere, bai makinak eta baita zentroetako ikasle eta irakasleak ere azokan izango dira. Antolatzaileek 60.000 bisitari inguru espero dituzte azokak iraungo duen zazpi egunetan, martxoaren 26tik apirilaren 1era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak