Oihulariren lan berriaren estreinaldia hilaren 27an

EduMendibil 2004ko otsailaren 19a

Oihulari Klown taldeak Divinas antzezlana estreinatuko du egubakoitzean, hilaren 27an, Zabalotegiko aretoan, 22:30ean. Oihularik Ama Birjina, Maria Magdalena eta Jesukristo terapian jarriko ditu bere azken muntaia horretan.

Laura Lopez, Virginia Imaz eta Txefo Rodriguez aktoreak ditugu Maria Magdalena, Ama Birjina eta Jesukristoren paperetan, hurrenez hurren. Antza, beraien bizimodua ez da jendeak uste bezain idilikoa: Ama Birjina errudun sentitzen da, Maria Magdalena estresatuta bizi da eta Jesukristok beldurra dio konpromisoari. Horregatik terapiara jo beharko dute, pertsona dibino anonimoen taldera hain zuzen, eta, hortik abiatuta, umorezko antzezlana egin nahi izan du Oihularik.

Divinas lanak ordubete eta 20 minutu inguruko iraupena dauka. Musika Txefo Rodriguez aktoreak egin du eta eszenografiaz Mikel Ibartzabal bergararra arduratu da.

Estreinaldirako sarrerak sei eurotan salgai jarriko dira egunean bertan Zabalotegiko leihatilan. Bergarako estreinaldiaren ondoren, Barañainen (martxoaren 2an) eta Arrasaten (martxoaren 14an) aurkeztuko dute Divinas.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak