Zuhaitz Eguna dela-eta, azoka izango da zapatuan San Martin Plazan

EduMendibil 2004ko otsailaren 19a

Zuhaitz Egunaren inguruan antolatutako ekitaldien barruan, baso lanerako tresneriaren erakusketa eta salmenta postuak izango dira zapatuan, hilaren 21ean, San Martin plazan, 09:30etik 13:30ak bitartean.

Besteak beste, fruitu arbolak, mendiko arbolak eta etxea apaintzeko erabiltzen direnak ere izango dira ikusgai eta salgai zapatuko azokan. Era berean, zuhaitzen ezaugarrien gaineko erakusketa ikusgai jarriko dute.

Zuhaitz landaketa Pol-Polen

Bestalde, zuhaitz landaketa egingo da eguerdi partean Pol-Polen, Keixeta inguruan. Mariaren Lagundia, San Martin eta Aranzadi ikastetxeetako gaztetxoak gonbidatu dituzte landaketan parte hartzeko. Autobusak Ibargaraiko geltokitik aterako dira, 10:30ean. Santutxuraino helduko dira eta handik Pol-Polera oinez edo udalak jarritako lanroberretan joateko aukera izango da.

Gaztetxoek udaleko teknikarien eta Mendia Bizirik taldeko kideen laguntza izango dute landaketa egiteko. Bihar, 50 haritz eta beste horrenbeste pago landatuko dituzte. Landaketan parte hartzen duten neska-mutikoei ogitartekoa, edaria eta kamiseta bana emango zaizkie.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak