Koldo Eleizalde Literatur Lehiaketa deitu du Udalak

EduMendibil 2004ko otsailaren 16a

Udaleko Euskara Zerbitzuak deitutako Koldo Eleizalde Literatura Lehiaketan, ipuin, bertso, komiki eta antzerkirako tartea izango da. Lanak entregatzeko epea apirilaren 21era arte dago zabalik.

Bergaran jaio, bizi edo lan egiten duen edozeinek parte hartu ahal izango du lehiaketan. Generoak honako hauek izango dira: ipuina, bertsoak, komiki-tira eta ipuin-kontaketa edo antzerkia. Azken honetan taldeek hartuko dute parte, lanak bideo-zintan aurkeztu beharko dira eta onenak GOITBk emitituko ditu.

Adinaren arabera, hainbat talde

Genero bakoitzeko hainbat talde bereiztuko dituzte adinaren arabera. Ipuinen kasuan, esaterako, bost talde izango dira: 1996-97an jaiotakoak (lanen luzera 0-2 orrialde artekoa); 1994-95ean jaiotakoak (0-2 orrialde); 1992-93an jaiotakoak (0-2 orrialde); 1989-91 bitartean jaiotakoena (2-5 orrialde) eta, azkenik, 1988an edo aurretik jaiotakoena (3-10 orrialde). Bertsoei dagokienez, hiru talde izango dira: 1992-93an jaiotakoena (3-6 bertso), 1989-91 bitartekoena (4-8 bertso) eta 1988an edo aurretik jaiotakoena (8-12 bertso). Komiki-tira lehiaketan ere hiru multzo horiek bereiztuko dituzte. Genero bakoitzeko lan onenek sariak jasoko dituzte.

Epea, apirilaren 21era arte

Lanak bidaltzeko edo entregatzeko epea apirilaren 21ean bukatuko da eta sariak ekainaren 5ean banatuko dira, Zabalotegiko aretoan. Lanak Udaleko Euskara Zerbitzuan jasoko dira. Lehiaketaren inguruko argibide gehiago jasotzeko bertara edo 943 77 91 66 telefono zenbakira jo dezakezue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak