Euskal Herriko Itzulia: Miren Urtzelai logotipo lehiaketako irabazle

Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliko lehen etapara begira logotipo lehiaketa deitu zuen antolakuntzan diharduen herri batzordeak. Bergarako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako neska mutilek hartu dute parte eta irabazlea Aranzadiko Miren Urtzelai izan da.

Guztira 200 lan aurkeztu dira Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliko lehen etapa antolatzen diharduen herri batzordeak deitutako logotipo lehiaketara. Lanak Bergarako Lehen Hezkuntzako ikasleen artean.

Lanak aditu talde batek aztertu ditu eta kolore eta alderdi artistikotik egokienak direnak aukeratu ondoren, herri batzordeak hartu du azken erabakia.

Logotiporako irudi egokia

Miren Urtzelai Aranzadi ikastolako 10 urteko neskatilaren logotipoa aukeratu dute. Antolatzaileen esanetan, “irudiak logotipo baten itxura du eta gainera nahikoa informazio ematen du; urtea, proba bera eta herria”. Hori izan da, beraz, Mirenen lana irabazletzat jotzeko arrazoia. “Aurkeztu dituzten lanen artean marrazki politak baziren, baina logotipo itxurarik ez zutenak. Beste batzuek Bergarako gaiak erabili dituzte, baina txirrindularitzarekin inolako loturik gabeak. Izan ere, zaila da bi ideiak uztartzea”, esan digu herri batzordeko Julen Narbaizak.

Antolatzaileak gustura geratu dira ikasleen partetik jaso duten erantzunarekin. “Lehenengo aldia izateko lan asko aurkeztu dituzte ikasleek eta tartean lan politak ere”

Saria

Miren Alberdik jasoko duen saria ez da nolanahikoa. Euskadiko Itzuliko lehen etapan antolakuntzako auto batean jarraituko du lasterketa. Mirenek ez du erabaki oraindik zeinekin joango den, baina laguntzailerik ez zaio faltako. “Osaba eta lehengusua oso txirrindu zaleak dira eta ibiltzen direnak gainera, eta aitari ere gustatzen zaio”, esan digu Mirenek.

Laguntzaileak

Logotipoa aukeratuta badago ere, antolatzaileek jakinarazi dute laguntzaile asko beharko direla lehen etapa horretarako, 100 lagun inguru. Beraz, txirrindu zaleei edo lanerako prest daudenei deia luzatu nahi diete izena eman dezaten. Horretarako, Lokatza Txirrindulari Elkartera jo dezakete edo 943 76 54 26 telefonora deitu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.