Udal hauteskundeen ostean aukeratu zituzten herriko auzo gehienetan auzo alkateak, baina Osintxun erabakia beranduago hartu dute. Irailean bozketa egin eta ordezkari bat aukeratu zuten arren, honek atzera egin zuen. Beraz, batzar batean aho batez adostu dute auzotarrek legealdiak irauten duen datozen lau urteetan Luis Alberdi izatea auzo alkatea.
Alkatearen ordezkari izango da Alberdi Osintxun. Izan ere, Victoriano Gallastegik onartu du auzotarren erabakia.
Auzoko Beharrak
Alberdi auzoaren ordezkaria izango da behar den lekuetan, Udalaren aurrean auzoaren erabakiak azaldu eta defendatu beharko ditu eta baita Udalaren erabakiak auzora eraman ere.
Auzotik Udalera helaraziko dituen eskaera edo beharren artean zubiaren gaia dago. Aurreko legealditik datorren arazoak eman du zeresanik Osintxun.
Bestalde, eskola ondoan dagoen lokala egokitu nahi dute besteak beste ludoteka bertan ipintzeko eta baita antzerkiak, diapositiba emanaldiak edo antzerako ikuskizunak antolatzeko.