Antxon Sasiainek gose greba laga du

Aintzane Irizar 2004ko urtarrilaren 30a

Hogei egun eta gero, Antxon Sasiain presoak bertan behera laga zuen gose greba eguaztenean, hilak 28. Parisko Osny kartzelatik Normandiako kartzela batera eraman zuten orain dela aste batzuk, eta orduantxe hasi zuen gose greba.

Azukre maila jaitsi zaio eta kilo batzuk ere galdu ditu, baina, gainerakoan, nahikoa ondo ei dago Antxon. Parisko Osny kartzelatik Normandiako kartzela batera (Parisetik 125 kilometrora) eraman zuten orain dela aste batzuk. Gose greban egon den denboran, hainbat ekitaldi egin dituzte herrian, bere egoera salatzeko.

Etxerat-en mozioa onartu zuten

EAJ, EA, Ezker Batua eta Aralar alderdien aldeko botoekin onartu zuten Etxerat-ek aurkeztutako mozioa; PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen, eta PPkoak, berriz, aurka bozkatu zuen.

Honakoa eskatzen zion Udalari Etxerat-ek aurkeztutako mozioak:

  1. Udal honek Antxon Sasiain bergarar presoaren egoera larriaren aurrean neurriak har ditzala eta era berean bere egoera zein den jakiteko interesa azaldu.
  2. Beste behin ere euskal presoak Euskal Herriratzeko deia egiten die Udalak frantziar eta espainiar gobernuei. Urteetako eskubide urraketa alde batera utzi eta pertsona eta euskal herritar gisa dagozkien eskubide guztiak egikaritzeko esijituaz.
  3. Udal honek Euskal Herriak bere askatasunera bidean irekitako prozesuan parte hartzeko, euskal presoak Euskal Herrian egotea ezinbestekoa dela aldarrikatzen du.
  4. Udal honek Antxon presoaren egoeraren berri zabaldu eta dagozkion eskubide politiko horien defentsan parte hartzera dei egiten die herritarrei."

Aurreko domekan, manifestazioa

Aurreko asteko domekan, berriz, manifestazioa egin zuten, Antxonen egoera salatzeko eta bere eskubideen alde. 125 bat lagun elkartu ziren protesta ekitaldi horretan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak