Bergarako ezker abertzaleak dei egin du Espainiari ezetz esateko

Aintzane Irizar 2004ko urt. 30a, 10:23

Jende ugari elkartu zen aurreko zapatuan ezker abertzaleak egin zuen prentsaurrekoan. Martxoaren 14ko hauteskundeen gainean egin zuten berba, eta hauteskundeok Espainiari ezetz esateko aprobetxatu behar ditugula adierazi zuten.

Zapatu eguerdian ezker abertzaleak egindako prentsaurrekoan, Espainiari ezetz izan zen gehien entzun zen leloa. Hain zuzen ere, martxoan Estatu mailan egingo diren hauteskundeak “Espainiari ezetz esateko aprobetxatu” behar ditugula adierazi zuten. Jose Luis Elkorok, Aitor Arantzabalek, Ainhoa Agirreazaldegik, Jose Mari Etxanizek eta Iñigo Herrerosek hartu zuten parte, besteak beste.

Aldaketa politikoa

Euskal Herriak gaur egun bizi duen egoeraz berba egin zuten; “Euskal Herriaren markoaren gaineko eztabaida irekitzea lortu dugu”, adierazi zuten. Dagoeneko, aldaketaz, autodeterminazioaz, zazpi herrialdeetaz eta herri galdeketaz berba egiten dela gaineratu zuten. Herri honen gehiengoa autodeterminazioaren eta aldaketa politikoaren alde dagoela adierazi zuten, eta baita erasoetatik babestuko gaituen aldaketa politikoaren beharra dugula ere.

Martxoaren 14ko hauteskundeak, Espainiari ezetz esateko ezezik, Euskal Herriaren aitortzaren aldeko apustua egiteko ere aprobetxatu behar ditugula azaldu zuten.

Bestalde, aipatzekoa da arlo ezberdinetako jendea elkartu zela prentsaurreko horretan; azaldu zutenez, denek izan dute aukera ikusteko Espainiaren menpekotasunak zer suposatzen duen, eta horregatik bat egiten dutela prentsaurrekoan esandako guztiarekin.

Oharra

Gaur, egubakoitza, Bergarako etxeetan jasoko duzuen Berrigara aldizkarian, akats bat egin dugu. Prentsaurrekoa Bergara Aurrerak egin duela jarri dugu hantxe, baina, hori ez da horrela; Bergarako ezker abertzaleak eman zuen prentsaurreko hori. Irakurleoi eta prentsaurrekoaren antolatzaileei eragozpenak barkatzeko eskatu nahi dizkiegu hemendik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak