Bergara eta Antzuola arteko bideak itxita jarraituko du lauzpabost hilabetean

Julen Iriondo 2004ko urt. 16a, 14:29
Denbora hori omen da gutxienez mendia "lotzeko" beharko dutena, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik asteazkenean Antzuolan adierazi zuenez. Bergara eta Antzuola arteko bidea iazko azaroan itxi zuten, San Antonio auzoan mendia zatika-zatika errepidera erortzen ari zelako.

Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako Diputatu Nagusiak hizpide izan zuen Bergarako San Antonio auzoko arazoa asteazkenean, Antzuolara egindako bisitan. Txabarriren esanetan, Diputazioa ari da lanean arazoa konpondu nahian, baina gutxienez lauzpabost hilabete pasako dira oraindik Bergara eta Antzuola arteko errepidea berriz ere irekitzerako.

Denbora hori beharko omen dute mendia ondo "lotzeko". Hori, baldin eta egoerak oraingoan jarraitzen badu. Izan ere, arriskua ba omen dago egoerak okerrera egiteko, eta orduan denbora gehiago beharko litzateke berau konpontzeko.

Azarotik itxita

Bergarako San Antonio auzoan iazko maiatzean izan zuten aurreneko sustoa. Errepide alboko mendia zatika-zatika erortzen hasi zen. Ondorioz, itxi egin behar izan zuten Bergara eta Antzuola arteko bide zaharra.

Ustez segurtasuna bermatuta, denbora baten buruan ireki egin zuten berriro, ez zuen ordea gehiegi iraun. Azaroa amaieran izandako eurijasen ondorioz, lurjausia izan zen berriro San Antonio auzoan. Berriz ere itxi egin zuten bidea, eta gaur arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak