Jaiak ospatuko dituzte San Anton auzoan asteburuan

Monika Belastegi Aranzabal 2004ko urtarrilaren 15a

San Antonen jaiak ospatuko dituzte asteburuan. Zapatuan hasi eta domekara bitartean hainbat ekitaldi egongo dira. Tartean, ohiko krosa eta mus txapelketa izango dira.

Zapatuan hasiko dira jaiak. 11:00etan meza nagusia egongo da San Anton auzoko ermitan eta ondoren hamarretakoa egingo dute hurbiltzen diren guztiek. 12:00etan, etxafuegoak eta susko erroberak jaurtiko dituzte eta 13:00etan, berriz, txikiteoa egongo da auzoan barrena. Arratsaldean Nazioarteko XVII. Mus Txapelketa jokatzeko aukera izango dute izena ematen duten guztiek. Zubiberri sagardotegian izango da, 16:00etan, eta izena egunean bertan eman beharko da. 19:00etan txikiteoa egongo da ostera, eta 21:00etan, afari herrikoia.

Domekan, krosa

Domekan, 08:00etan jarraituko du jai giroak. Orduan joko dute diana, kanpai eta etxafuego hotsez lagunduta. 11:00etan, meza nagusia egongo da, Umore Ona taldeak abestuta eta 12:00etan, Nazioarteko 26. Krosa. Korrikalariek 7,5 kilometro egin beharko dituzte. 12:00etan herri kirolak eta dantza saioa egongo da Ikastolako Dantza taldearekin eta 13:00etan, umeendako jolasak egongo dira jaiei amaiera emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak