Urteaga 29ko familiek gutxienez bost hil eman beharko dituzte etxetik kanpora

Monika Belastegi Aranzabal 2003ko abe. 4a, 13:07
Etxetik kanpora daude berriz ere Urteaga 29ko bost familiak. Eskusarte harrobia dagoen mendian lerradurak gertatu dira eta ondorioz, etxea uzteko erabakia hartu du Aldundiak. Baita Bergara eta Antzuola lotzen dituen GI-632 errepidea ixtekoa ere.

Udalera igorritako ohar baten bidez eman du Foru Aldundiak aditzera Urteaga kaleko mendian lerradura gertatu dela berriz. Ondorioz, Urteaga 29ko bost familiak irtenarazi egin dituzte eta GI-632 errepidea itxi segurtasuna bermatzeko asmoz. Izan ere, Aldundiaren arabera, egunotan euria diharduenez, areagotu egin daiteke mendia mugitzeko arriskua.

Udala, alokairuan hartzeko etxe bila

Bost dira txetik kanpo dauden familiak, Urteaga 29ko guztiak. Horietako batzuk Lasa ostatura eraman ditu Udalak, baina gutxienez bost hilabete inguru eman beharko dituztenez etxetik kanpo, ostatutik atera eta etxeetan sartzeko asmoa dutela aurreratu dute Udaleko iturriek. Horretarako alokairuan hartzeko etxe bila dabiltzala gehitu dute, alokatu eta gero familiok etxeotan kokatzeko.

Lantegiak arriskutik kanpo

Etxebizitza horrez gain, Urteagan hainbat lantegi ere badaude, baina ez da egon horiek irtenarazteko beharrik. Izan ere, mendiaren lerradura etxea dagoen alderantz izan da, eta ez lantegiak dauden tokirantz. Hori dela eta, lantegiek arriskurik ez dutela azaldu dute Udal iturriek.

Errepidea ere itxita

Antzuolarako errepidea ere –GI-632– itxita egongo da arazoa konpondu arte, hau da, bost hilabete inguru. Bien bitartean Ekialdeko saihesbidea erabili beharko dute ibilgailuek Antzuola aldera egiteko edo handik Bergara aldera egiteko. Udaleko iturriek azaldu dutenez, Foru Aldundiko Azpiegituretarako Departamentuko ordezkariekin batzartu dira, eta Aldundia arduratuko da mendia eusteko proiektua egiteaz. Izan ere, hori da egingo dutena: mendiari goitik pisua kendu eta ondoren eutsi.

Bigarrengoz ematen den egoera

Maiatzean ere itxita egon zen GI-632 errepidea eta orduan ere etxetik atera zituzten Urteagako bizilagunak. Orduan ere lur eta harri jauziak gertatu ziren, eta segurtasuna bermatzeko hartu zituzten neurri horiek. Lehenengo aldi hartan bi hilabetez egon zen itxita errepidea eta familiek astebete eman zuten etxetik kanpora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak