Epaitegia zaharberritu egingo du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak epaitegia zaharberritzeko eta sarrera ezinduendako egokitzeko proiektua egin du. Batik bat, eraikina garbitu eta estalkia berrituko diote. Eraikinaren aurrealdeko lorategiak ere kenduko dituzte. Udalak begi onez ikusi du Eusko Jaurlaritzaren asmoa.

Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Gaietako Sailak egin du epaitegia zaharberritzeko proiektua, eta helburua da eraikina kanpoko aldetik zaharberritzea eta ezinduendako sarrera egitea. Zaharberritzeari dagokionez, estalki guztia berrituko dute eta estalkiko leihoak aldatu egingo dituzte. Bestalde, euri-urendako hodiak eraikinaren kanpoko aldetik jarriko dituzte, jatorrian zeuden moduan. Izan ere, proiektuak jasotzen duenez, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan hainbat obra egin dira epaitegian, batzuk ez oso egokiak, eta ondorioz, aldatu egin da pixka bat epaitegiaren itxura barruko eta kanpoko aldetik. Kanpoko aldeko aldaketa nabarmenena fatxada nagusia inguratzen zuen balkoi antzekoa kendu zutenean gertatu zen. Eraikinari jatorrizko itxura eman nahian, elementu hori berreskuratzea ere aztertu dute. Hala ere, albo batera laga dute ideia, balkoi antzekoa behe solairuko leihoen parera iritsiko litzatekeelako. Zaharberritzearen barruan fatxadak ere garbituko dituzte. Bestalde, kontuan izan behar da, Eusko Jaurlaritzak Bergarako hirigune historikoa monumentu multzo izendatu eta Sailkatutako kultura ondasun deklaratu duela berriki, horrek dakarren babesarekin. Eta epaitegia hirigune historiko horretan kokatuta dago.

Ezinduendako sarrera

Ezinduendako sarrera bat ere egingo dute: kanpoko aldean ezinduendako maldatxoa, hain justu. Horrek guztiak itxura berria emango dio Ariznoa plazari. Izan ere, gaur egun dauden lorategiak kendu egingo dituzte, zorua lautuz. Hala eta guztiz ere, aisi gune izaten jarraituko du, zuhaitz eta eserlekuekin. Udala konforme jaurlaritzaren proiektuarekin Victoriano Gallastegi alkateak esan duenez. Gainera, lanak nahiko azkar hasiko direla aurreratu du, nahiz eta oraindik Jaurlaritzak lehiaketara atera beharko dituen. Aurrekontua, 281.000 euro ingurukoa da.

Epaitegia, kartzela eta eskola

XIX. mendearen bigarren erdikoa da epaitegia; eklektizismo garaikoa. Garai hartan Bergara barruti-judizial buru izendatu zuten, eta orduan egin zuten aldi berean epaitegia, kartzela eta ikastetxea izango zen eraikina. Izan ere, XIX. mendean berregituratu egin zuten Justizia Administrazioa eta alkateak konpetentzia jurisdikzionalak izateari laga zion; barruti-judizialak sortu ziren eta horietako bat izan zen Bergara, Lehen Instantziako epaitegiarekin. Hain justu, epaitegi hori kokatzeko egin zuten eraikina, kartzela eta guzti, eta herriak garai hartan egoitza egokirik ez zuenez, eskola ere han jartzea erabaki zuten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.