Nagusien Gelaren helburua zera da: pertsona nagusien kolektiboan kulturarekiko interesa piztea eta, aldi berean, edadetuen bizitza kalitatea hobetzeko urratsak ematea.
Hiru fase
Abian jarritako ikasturteak hiru fase izango ditu: lehenbizikoan, Filosofiaren Historia eskainiko da UNEDen, abenduren 19ra bitartean. Eskolak egubakoitzero izango dira, 17:00etatik 20:00etara. Bigarren fasean, berriz, Historia eta Zuzenbidea ikasgaiak izango dituzte: Historiakoa urtarrileko eguenetan emango da (15ean, 22an eta 29an) eta Zuzenbidekoa otsailaren 5ean, 12an eta 19an. Aurtengo ikasturtearekin bukatzeko, Ekologia eta Tai-Chia iragarri dituzte hirugarren faserako, otsaila eta apirila bitartean, hain zuzen ere.
Erantzun ona iaz
Esan bezala, iaz jarri zuten martxan Nagusien Gela eta aurreko ikasturtean erantzun ona jaso zuen. Ikasle beteranoak eta UNEDeko arduradunak pozik azaldu ziren egindako lanarekin. Bada, aurten, iaz hasitako lanari jarraipena eman nahi diote antolatzaileek eta horretarako edadetuen interesekoak diren gaiak aukeratu dituzte. Proiektuaren bultzatzaileek ikastaroetan parte hartzeko gonbidapena egin nahi diete erretiratuei. Izenematea San Joxepeko bulegoan egin daiteke. Argibideak 943 76 30 09 telefono zenbakian.