Jokin Etxaniz, Mikel Goñiren prestatzaile

Edu 2003ko aza. 6a, 10:45
Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoa da joan zen urtea ezkero. Orain arte nagusiki pilotari gazteekin lanean izan bada ere, Aspek Mikel Goñiren prestaketaz arduratzeko agindu dio Jokini.

Ez duzue lan erraza izango Mikel Goñirekin...

Ikusi behar. Fernando Vidarte gerentearen erabakia izan da eta Javi Perez prestatzaile fisikoari eta bioi agindu digu Mikelen entrenamenduez arduratzea. Hainbat pilotarik euren prestatzaile fisiko propioa daukate, baina Mikel bere kontura zebilen aspaldian, eta egoera horrekin amaitu nahi izan du Vidartek. Mikelek ez du oso itxura onik eman aspaldian eta enpresan nahiko haserre zeuden bere jarrerarekin. Enpresak beste aukera bat eman nahi izan dio. Ea guztion artean egoera bere onera bideratzen dugun.

Goi mailan ikusiko dugu berriz Mikel Goñi?

Hori bere esku dago. Denok dakigu Mikelek zer-nolako gaitasunak dituen eta kantxan zer emateko gauza den. Nahiz eta askotan behar den moduan ez egon, goi mailan jokatzeko ahalmena duela erakutsi du, pilota barruan daraman horietakoa delako. Maiztasunez jokatu izan duenean ondo ibili izan da, baina profesionala izaten saiatu behar du. Gu ez gara inoren salbatzaileak, berak ez badu nahi punta-puntakoen mailan egon, alferrikako lana egingo genuke. Horregatik diot etorkizuna bere eskuetan duela.

Asko hitz egiten da soberan dituen kiloen gainean.

Fisikoki ez dago ondo eta lehenbizi ahalik eta baldintza onenetan egotea nahi dugu. Ezin dizut esan zenbat kilo dituen soberan. Indartsua eta zabala da, eta logikoa da pisutsua izatea. Hala ere, kantxan fin ikustea da gure helburua. Lan fisikoa eta frontoiko entrenamenduak egingo ditugu. Aspeko beste edozein pilotariri moduan, bitarteko guztiak jarriko dizkiogu sasoi puntu onena lor dezan.

Lau t'erdiko txapelketa gori-gorian dago.

Orain arte ikusitakoaren arabera Titin III.a da nire faboritoa. Oso ondo ikusten dut. Defenditzen onena da eta eraso egiteko orduan ez dut ezer berririk esango, aparta da Titin. Oso motibatuta eta zentratuta ikusten dut. Unanueri hain erraz irabazteak ere moral handia emango zion... Aimar ez egotean, Titin da txapela eskuratzeko faboritoa. Hala ere, ezustekoak izango dira oraindik. Begira Capellanek zela irabazi zion Barriolari, Belokik Eugiri ere bai... Emozioa izango da.

Gero eta gutxiago ikusten zaitugu kantxan...

Udan nahiko jokatu nuen baina gero eta gutxiago jokatzen dut. Sasoi honetan jaialdi gutxiago dago... Enpresari nirekin kontatzeko esan diot, nire burua ondo ikusten dudalako. 33 urte dauzkat baina kantxan ondo nabilen bitartean jokatzen jarraitu nahi nuke. Hain gazte pilotari izateari lagatzea pena emango lidake. Edozelan ere, pilotan lanean jarraitzeko zortea daukat eta horrek pena txiki hori arintzen du. Dena den, jokatzen jarraitzea da nire asmoa. Kontua da zuzendari tekniko karguan nabilenetik denbora laburragoa dudala entrenatzeko-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak