Eguzki bidezko energia garbia sortzeko instalazioa egin dute Ipintza institutuan

EEEk eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egindako hitzarmen batetik sortutako proiektua da. Iaz ekin zioten sistema ezartzeari eta dagoeneko bukatuta eta abian dago. Ikasleei energia berriztagarriak ezagutzera ematea eta kontzientzia piztea du helburu.

Energia berriztagarriak, eta batik bat, eguzki energia ezagutzera emateko eta ikasleak horren gainean hezteko eta sentsibilizatzeko helburua du proiektuak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) egindako proiektua da, eta asmoa da 2004rako eguzkiaz baliatuz energia garbia ekoizteko instalazioak ezartzea 170 ikastetxetan. Proiektua iaz jarri zuten abian 50 ikastetxetan, tartean Ipintza institutuan, eta dagoeneko instalazioa guztiz bukatuta eta abian dago.

Instalazioak hiru atal ditu

Instalazioak hiru atal ditu: alde batetik, plaka fotovoltaikoak jarri dituzte institutuaren teilatuan. 48 plaka dira guztira, eta 5.000 W-ko potentzia du instalazioak; bestetik, panel informatiboa jarri dute ikastetxearen sarreran. Panel horretan instalazio fotovoltaikoaren datu orokorrak ikusteaz gainera, Ipintzako instalazioaren datu zehatzak ikusteko aukera izango dute; unean unekoak eta une oro, gainera: eguzki energiaren momentuko aprobetxamendua, instalazioa jarri zen egunetik ekoiztutako energia elektriko kopuru osoa, baita airera igortzea ekidin den CO2 (anhidrido karbonikoa) kopuru osoa ere. Proiektuaren hirugarren atala aplikazio informatikoa da: ikasleek instalazioaren datu teknikoak aztertu ahal izango dituzte ordenagailuan; hau da, zenbat energia ekoizten diharduen instalazioak, potentzia, eta horrelako informazioa izango dute han. Aplikazio informatikoari dagokionez, batik bat Teknologia ikasgaian jorratzen dute. Ikasleek ordenagailuz jarrai dezakete instalazio fotovoltaikoaren bilakaera. Gainera, eguneko, aste osoko, hilabeteko eta urteko datuak ikusteko aukera eskaintzen du. Energia berriztagarriaren gaia Teknologia ikasgaian lantzen dute ikasleek, hain justu, eta Ipintzako ikasleek, orain arte teoria mailan jaso izan dutena bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute aurrerantzean.

Energia kopurua eguzkiaren mende

Instalazioaren bigarren eta hirugarren atala jarri berri dituzten arren, plaka fotovoltaikoak iazko azaroaren 1a ezkero daude abian. Orduz gero 3.700 kWh-ko inguru ekoiztu ditu Ipintza insitutuak, eta 3.512 kilo CO2 inguru ekidin. Ekoizten den energia kopurua eguzkiaren mende dago: zenbat eta eguzki gehiago, orduan eta energia kopuru handiagoa. Ipintzakoek orain arte ekoiztutakoa Iberdrolari saltzen diote, eta energia mota horiek laguntza jasotzen dutenez, kW-ko 0,40 euro ematen dizkie Iberdrolak Ipintza institutukoei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.