Heldu, gazte eta haur, 30 pertsona inguruk erantzun zioten zapatu goizean erreka bazterrak garbitzeko auzo-lanerako egindako deiari.
Goizeko hamarretan elkartu dira eta balde, eskularru eta hainbat erraminta aldean zituztela, goiz osoa eman dute Ibaiondo pasealekuaren inguruko errekara boatako zaborrak jasotzen.
Ehun metroko esparruan ibili dira lanean, eta denetatik jaso dute bertan: plastiko ondarrak gehienbat, baina baita koltxoi, erosketetarako karrotxo eta mikrouhin-labe bana ere. 1.200 kilo zabor denera.
Zaborra, plazan
Behin erreka ondoko lanak amaituta, San Martin plazara eraman zuten zabor guztia, eta han egon dira ikusgai gaur arte.
Naiara Corcuera, Udaleko Ingurugiro teknikariaren esanetan, pozik daude jendearen parte-hartzearekin, eta azaldu duenez zaborra plazan erakutsita, herritarrak kontzientziatzea gura dute: ''Zaborrontziak ez badira erabiltzen, edo komunetik edozer gauza botatzen badugu, erreketara zer heltzen den erakutsi gura genion jendeari''. Horrelako ekimen gehiago antolatzeko asmoa dutela gaineratu du Corcuerak.