'El año pasado por agua' zarzuela taularatu ostean, gustura daude antzezleak eta ikusleak

Idoia Aranbarri Arzuaga

Egubakoitzetik domekara bitartean hartu du Arrasateko Amaia antzokiak Kantuz Elkarte Lirikoaren El año pasado por agua zarzuela. Hiru saio emango dituzte; azkena, gaur arratsaldean, eta hiru emanaldiak aintzat hartuta, guztira 1.000 ikusle baino gehiagok ikusiko du obra.

Fernando Chuecaren obra da El año pasado por agua eta 1.888ko Madrilgo uholdeak ditu oinarri bi ordu inguru irauten dituen lan dinamikoak. Cristina Cubilloren musika-zuzendaritzapean eta Mertxe Salaberriren eszena zuzendaritzapean aritu dira Kantuz Elkarte Lirikoko partaideak eta Arrasate Musikaleko orkestra izan dute lagun, besteak beste. Zarzuelak bizirik jarraitzen du Arrasaten, izan ere iaz 25 urte bete zituen Izaskun Murgia elkarteari hartu dio lekukoa Kantuz elkarte lirikoak, eta etapa berri bati ekin diote lehen emanaldi honekin. Ikuskizuna taularatu ostean gustura agertu dira elkarteko kideak.

Garbiñe Nuñez da Kantuz Elkarte Lirikoko kideetako bat eta zarzuelako protagonistetako bat. Gustura agertu da egindakoarekin, haien helburua baita ikusleek ondo pasatzea. "Sarrerak saltzen hasi ginenean, betetzen ari zela ikusteak, poza ematen du. Oso polita da, kolore eta pertsonaia pila ditu, eta oso bizia da. Asko disfrutatu dugu egiten. Entseguak garrantzitsuak dira, eta oso ondo pasatzen dugu".

Elkarteko kideek bai, baina ikusleak ere oso gustura eta iritzi onak eman dituzte lanaren bueltan. Gainera, emanaldian zehar barre algarak ere egin dituzte; hori bai, "motzegia" izan dela aitortu dute horietako askok. Hala ere, Nuñezek azaldu du motzagoa izan dela genero motagatik. Kantuz Elkarte Lirikoak Arrasateko kultura agendan urteroko hitzordua izaten jarraitu nahi du.

Erlazionatuak

'El año pasado por agua' zarzuela, argazkitan

Idoia Aranbarri Arzuaga aza 29, 14:58 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak