Jorge Davila entrenatzailea bera serio zegoen partidu amaieran, Oiartzunen kontrako garaipenak zeukan balioaz jabetuta ere Gorkaren lesioaren ondorioz partiduak zapore gazi-gozoa utzi diolako. Jokalari arrasatearrak 8. minutuan hartu du min, ustez belaunean, eta egunotan egingo dioten probek erakutsiko duten zenbaterainoko lesioa daukan. Julen Letonak ordezkatu du Mena, eta lehenengo zatian parean joan dira indarrak, oiartzuarrak apur bat hobeto ibili badira ere.
Bigarren zatian, baina, Mondrak aurrerapausoa eman du, eta harmailek bultzatuta –jende dezente batu da harmailetan– oiartzuarrak geroago eta gehiago estutzen hasi dira. Pare bat jaurtiketa zutoinera bota dituzte, baina gola falta zen, aurten horren garesti dagoen gola, eta Iñigo Arizmendiarrieta izan da partiduko gol bakarraren egilea, 66. minutuan.
Azkeneko minutuak kudeatzea falta zen, eta urduri egon dira zaleak, baina kanpotarrek ez dute berdinketarik lortu, besteak beste Iturrioz atezainak egindako gelditu eder bati esker. "Oiartzun hirugarren dagoen taldea da, talde gogorra da, eta akaso lehenengo zatian eurak apur bat hobeto egon dira, baina bigarrenean gu gehiago izan gara eta garaipen ona izan da, lanean ondo badihardugu ere partiduak irabazi ezinka ibili garelako", adierazi dio GOIENAri entrenatzaile arrasatearrak.