Abenduaren 11n abiatuko dute Arrasaten Gabonetako erakusleihoen lehiaketa

Jokin Bereziartua Lizarazu

2025eko lehiaketako lehen hiru sarituak. 

Izena emateko epea abenduaren 1etik 9ra egongo da zabalik, eta Arrasateko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzako establezimenduek parte hartu ahal izango dute. Lau sari nagusietan 2.800 euro banatuko dituzte gain, eta horrez gain beste hainbat sari ere egongo dira. 

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek abenduaren 1etik 9ra bitartean eman beharko dute izena, BAZen edo Udalaren webgunearen bidez. Erakusleihoak Gabonetako gaiarekin apainduta egon beharko dira, gutxienez, abenduaren 11tik urtarrilaren 6ra bitartean. Horretarako, ezinbestekoa izango da euskararen erabilera kontuan hartzea, sexu- edo genero-diskriminaziorik ez egitea eta dendako salgaiak erakusleihoan ikusgai jartzea.

Lau nagusiez gain, beste hainbat sari

Lehiaketak hainbat sari izango ditu. Epaimahaiak lau sari nagusi banatuko ditu: lehenengoak 1.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 700 euro, hirugarrenak 600 euro eta laugarrenak 500 euro. Horrez gain, 200 euroko lau aipamen berezi emango dira. Epaimahaia Tokiko Ekonomia eta Enplegu batzordeko ordezkariek, apainketan, diseinuan edo eskaparatismoan aditua den pertsona batek eta merkatarien elkarteko ordezkariek osatuko dute.

Saridunak aukeratzeko, besteak beste, Gabonetako giroa islatzeko gaitasuna, irudimena, originaltasuna, erakusleihoaren lanketa eta estilismoa hartuko dira kontuan.

Herritarrek, botoa emateko aukera

Herritarrek ere izango dute erakusleiho gustukoena aukeratzeko aukera, abenduaren 11tik 17ra bitartean egingo den online bozketaren bidez. Herritarren sariak 500 euroko saria jasoko du erakusleiho irabazlearentzat. Gainera, botoa ematen duten herritarren artean 120 euroko hamar bonu zozkatuko dira, Arrasateko saltokietan gastatzeko.

Bestalde, 16 urtera arteko haur eta gazteek ere izango dute euren erakusleiho gustukoena aukeratzeko aukera. Kasu horretan, erakusleiho irabazleak 500 euroko saria jasoko du, eta botoa ematen duten haur eta gazteen artean 50 euroko bost bonu zozkatuko dira, Arrasateko saltokietan gastatzeko. Bi bozketak udalaren webgunearen bidez egingo dira, eta herritar bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du.

Establezimendu batek ezin izango du sari bat baino gehiago jaso. Hori dela eta, epaimahaiaren lau sari nagusietako bat jasotzen duten erakusleihoak ez dira herritarren edo haurren eta gazteen sarien bozketan sartuko. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 21ean egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak