Kalitatea eta ilusioa barra-barra dute, 'El año pasado por agua' zarzuela taularatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu

Zarzuelako abesbatza eta protagonistak Amaia antzokiko oholtzan, eguazteneko entsegu orokorra hasi aurretik. 

Kantuz elkarte lirikoaren eskutik hiru emanaldi izango dira asteburuan Amaia antzokian. Fernando Chuecaren obrak 1888ko Madrilgo uholdeak ditu oinarri, eta antolatzaileen arabera zarzuela "barregarria, arina eta ikusteko erraza" da. Sarrera gutxi batzuk badira oraindik, 20 eurotan; internet bidez eros daitezke. 

Badator Kantuz elkarte lirikoaren asteburu bereziena, badator zarzuelaren asteburua. Eguazten iluntzean egin zuten entsegu orokorra, Arrasate Musikaleko orkestra, abesbatza, protagonista, dekoratu zein jantzi, eta lantalde tekniko guztiarekin. Entseguan, zarzuelak atzean duen lan guztiaren lekuko izan zen GOIENA, dekoratuaren detaile txikienetik hasi eta musikari bakoitzaren partitura edota herrikideen aurrean abestu zein antzeztu behar duten protagonisten ahotsa berotzeko ariketetara arte. Iaz 25 urte bete zituen auzolana oinarri duen espektakuluak eta osasuntsu dago beste 25 urte betetzeko. Egubakoitzean (20:00), zapatuan (19:00) eta domekan (19:00) izango dira emanaldiak, Amaia antzokian. Sarrera gutxi batzuk daude salgai; bereziki, domekako emanaldirako –sarrerak arrasate.eus atarian daude salgai, 20 eurotan–. 

"Ilusio handiz"ari dira lanean

Lanpetuta eta urduri, baina ohikoa duen irribarrearekin erantzun ditu GOIENAren galderak zarzuelako eszena zuzendari Mertxe Salaberrik. El año pasado por agua zarzuela (Fernando Chueca, 1889) taularatuko dute asteburuan, bi ordu inguruko hiru emanaldi eginda; prestaketak ondo doazela dio: "Tximeletak ditugu sabelean, ilusio handiz ari gara lanean. Domeka goizean egin genuen gure lokaleko azken entsegua eta eguaztenean entsegu orokorra, eta biak irten ziren oso ondo". Astelehenean eta martitzenean dekoratua muntatzen aritu ziren, batez ere, Amaiako langileen "ezinbesteko laguntzarekin", eta Salaberrik dio "oso polita" geratu dela: "Antzokiko langileak urtero bezain fin ibili dira dekoratua muntatzen, lan itzela egiten dute. Dekoratua Ricardo Vazquezek sortu du, gure eskariak ezin hobeto beteta. Oso polita geratu da aurten ere".

Mertxe Salaberri, eszena zuzendaria: "Tximeletak ditugu sabelean, ilusio handia. Herritarren artean harrera ona duen bitartean, gu jarraitzeko prest; lan handia da, baina merezi duena"

Zarzuela "barregarria eta arina"

1888ko Madrilen dago kokatuta istorioa. Honela azaldu du argumentua zarzuelako protagonistetako bat den Maria Izagak: "Eurite handiak izan ziren Madrilen eta inguruetan urte hartan, eta urte berria hasi behar den momentuan hasten da kontakizuna. Urte berria pertsona bihurtuta agertuko da, eta Mariana madrildarrak egoera zein den eta hura hobetzeko urte berriak egin beharko duen lana zein den azalduko dio. Hortik abiatuta, askotariko istorioak joango dira agertzen. Aurrez egindako zarzuelekin alderatuz ezberdina da, ez da maitasun-istorio batean oinarritutako kontakizuna, eta pertsonaia asko daude; garai hartako Madrilgo pertsonaiez gain, zelanbait, fantastikoagoak ere bai. Istorio polita eta barregarria da".

Salaberriren arabera, barregarria bezain arina da aurtengo obra: "Barre egiteko pasarte batzuk baditu, eta esango nuke bereziki atsegina eta arina dela. Drama handirik gabe, ikusteko erraza da aurtengoa. Bi ordu eskaseko zarzuela da, eta uste dugu ikusleari berehala pasatuko zaiola. Betiko protagonistez gain, gazteek ere hartuko dute protagonismoa. Agertokian sartu eta irten arituko dira etengabe, eta horrek dinamikoago egiten du ikuslearentzat".

Zarzuela bako Arrasaterik ez

Izaskun Murgia elkarteari lekukoa hartu zion iaz Kantuz elkarte lirikoak. "Aurreko taldeko antolakuntzakoak nekatuta zeuden; normala da, 25 urte izan dira-eta buru-belarri lanean. Aurreko taldean geundenetako askok jarraitzea erabaki dugu, argi dugu-eta ezin dugula Arrasate zarzuela barik utzi. Duela bi urte entzuten zen Amaia antzokia itxi egingo zela, eta Amaia antzoki barik ez dago zarzuelarik. Hau da, zarzuela ezin dugu frontoi batera edo antzoki bat ez den leku batera eraman. Baina, gero, erabaki zenez Amaia ez ixtea, zarzuelari eustea erabaki genuen. Herritarren artean harrera oso ona dauka, eta, hori horrela den bitartean, guk jarraitzeko asmoa daukagu. Lan handia da, baina merezi duena", adierazi du Salaberrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak