Eneko Goia jeltzaleak "euskal kooperatibismoarekiko konpromisoa" azaldu du Arrasaten

Larraitz Zeberio Lekuona

Espainiako kongresurako Gipuzkoako hautagai Eneko Goia Arrasaten izan da gaur eta azpimarratu du EAJ-k lortu zuela "Lagun Aroren pentsio eredu mistoa onartzea".

Eneko Goiak eskualdeko hainbat ordezkari jeltzalerekin batera egin du agerraldia, eta batera Eusko alderdi jeltzaleak "euskal kooperatibismoarekin duen konpromisoa" azpimarratu dute. "Eredu kooperatiboak oinarri sendoa eskaintzen digu etorkizuneko enpresa-erronkei aurre egiteko; horregatik, gure babes eta lankidetza osoa du ordezkaritza dugun erakunde guztietan, baita Madrilen ere", esan du Goiak.

Goiak Jose Maria Arizmendiarrietaren ondarea ekarri du gogora, hil zela 50 urte betetzen direnean. Gehitu du "haren printzipioak eta balioak indarrean daudela". Gehiago esan du: "Arizmendiarrietak zioen lorpen bat beti dela, modu naturalean, borondateen batuketa bat eta lankidetza dela gure indarrak biderkatzen dituen palanka ahaltsua". Hautagai jeltzalearen esanetan "EAJk partekatzen, aldarrikatzen eta defendatzen duen filosofia da, eta pertsonetan, lan partekatuan, lankidetzan eta komunitatearen eraikuntzan oinarritutako euskal eredu kooperatiboarekiko konpromisoa inspiratzen jarraitzen du". 

Lagun Aroren pentsio mistoen eredua

Konpromiso horren adibide gisa, Eneko Goiak esan du EAJk lortu zuela Lagun Aroren pentsio mistoen eredua onartzea: "Orain bi urte onartu zuen Ministroen Kontseiluak hori aitortzeko lege aldaketa, eta EAJrekin egindako inbestidura akordioa betez egin zuen. Horrela, bere espezifikotasuna sartu zen legedian , eta sistema mutualistaren jarraipena ziurtatu zen, arriskuan baitzegoen Espainiako Estatuaren azken arau-erreformen ondoren".

Pentsioen errebalorizazioa

Eneko Goiak gaineratu du pentsioen errebalorizazioa "beharrezkoa eta ezinbestekoa" dela. "EAJk pentsioen erosteko ahalmenari eustea defendatu du, defendatzen du eta defendatuko du, eta ez dira hitz hutsak. EAJ izan zen, 2018an, %0,25eko igoera horiekin amaitzea lortu zuena eta erreferentzia prezioen indizea izatea lortu zuena, pentsio txikienak eta, bereziki, alarguntza-pentsioak kontuan hartuta (...) Lan eta ahalegin bizitza batek erretiro duin eta lasaiaren saria izan behar du, pentsioak eskubide bat direlako". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak