Abenduaren 1etik aurrera, Arrasaten Nortasun Agiria eta pasaportea berritzeko Polizia Nazionalak eskaintzen duen zerbitzua Kulturolako tunelean emango da, Arizmendiarrieta plazan beharrean. Udaletik ohar bidez jakitera eman dutenez, lekualdaketa Espainiako poliziak eskatutako baldintzak betetzeko egin da, bertaratzen diren langileen lan-baldintzak hobetzeko eta herritarrei arreta egokiagoa eskaintzeko. "Espazio berriak itxaroten dauden herritarrentzat baldintza hobeak izango ditu, bereziki adinekoentzat edo mugikortasun-zailtasunak dituztenentzat; izan ere, aterpe-guneak eta eserleku egokiak izango ditu", adierazi dute Udaletik.