Espainiako hauteskunde orokorrak domeka honetan, –azaroak 29– izango dira, eta herritarrak botoa ematera bultzatzeko kanpaina azken txanpan sartu da. Testuinguru horretan, Fronte Zabaleko ordezkariak Arrasaten izan dira euren proposamenen berri ematen. Bertan izan dira, besteak beste, Gipuzkoako Kongresurako hautagai Rosa Rubio, eta Toni Valero parlamentaria eta Fronte Zabalaren Madrileko zerrendako hirugarren hautagaia.
Gutxieneko soldataren igoera
Rubio izan da hitza hartzen lehenengoa; Arrasatera etortzea "plazerra" dela esanez hasi da. Izan ere, Irunen bizi den arren, bertan lan egindakoa da hamazazpi urtez; berarendako, Arrasate, "langileriaren herria" dela esan du.
Fronte Zabala gobernuan izan den urteetan –Sumar izenarekin egindakoetan– Lan eta Gizarte Ekonomiako ministra, Yolanda Diazen gidaritzapean lortutako gutxieneko soldataren igoera goraipatu du, baita hura igotzen jarraitzeko ahalegina egiten jarraituko dutela ere. "Gutxieneko soldataren igoera horren onuradun nagusiak gazteak eta emakumeak izan gara", azaldu du.
Boto "eraginkorra"
Bestalde, Valerok etxebizitzaren auzian jarri du azpimarra. Hark azaldu duenez "etxebizitzaren espekulazioa itogarria" izaten ari da askorendako: "Fronte Zabaletik diogu, etxebizitza eskubidea dela, eta, horrenbestez ezin dela merkatuaren ondasun izan. Horretarako, etxebizitzen merkatuan esku-hartu behar da". Halaber, Pedro Sanchezek ultra-aberatsei gaur proposatutako zerga "berandu heldu dela" esan du. "Agintaldi osoa izan du ultra-aberatsendako guk proposatutako zerga onartzeko, eta ukatu egin du. Gainera, motz gelditzen da neurria; bere proposamenak 2 milioi euro biltzea aurreikusten du, gureak 10 milioi euro", argudiatu du Valerok.
Horregatik, "ezkerreko boto eraginkor" bezala aldarrikatu dira. Izan ere, hori lortuz gero, Gipuzkoako EAJri "aulki bat" kenduko lioketela diote. "Eskuinari boto bat kendu eta langileei emateko boto gutxira gaude. Fronte Zabalaren aulki batek, eskubideetan aurrera egin eta langileak babestuko dituen gobernua dakarrelako", amaitu du Valerok.