Bihotz-babeserako boluntario arrasatearren sarea indartu nahi dute

Jokin Bereziartua Lizarazu

Bexen Cardio enpresako langile bat desfibriladorearekin, Seber Altube Plazan. 

Arrasateko Udalak eta Bexen Cardio enpresak desfibriladoreak erabiltzen eta bihotz-biriketako bizkortzea egiten ikasteko ikastaroak antolatu dituzte. Saioak azaroaren 24tik abenduaren 17ra egingo dira, goizez zein arratsaldez, herriko hainbat gunetan. Desfibriladorea erabiltzeko jarraibideak, hemen klikatuta; bestalde, izena eman daiteke hemen klikatuta. 

Arrasateko Udalak eta Bexen Cardio enpresak 2024an jarri zuten martxan herria bihotz-babesteko proiektua. Ekimenaren bidez, 17 desfibriladore instalatu ziren, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan erabilgarri daudenak, eta 200 herritar baino gehiago trebatu ziren haien erabileran.

Orain, proiektu hori sendotzen jarraitzeko eta boluntarioen sarea berraktibatzeko asmoz, Udalak doako prestakuntza-saio berriak jarri ditu herritarren eskura. Helburua da ahalik eta herritar gehienek desfibriladoreak erabiltzen eta bihotz-geldialdi baten aurrean esku hartzen jakitea.

Bi orduko saio praktikoak

Ikastaroek bi orduko iraupena izango dute, eta desfibriladorearen erabilera eta bihotz-biriketako bizkortzearen aplikazioa landuko dira. Parte-hartzaileek Arrasaten instalatuta dauden desfibriladore berberekin egingo dituzte praktikak, gailuak ezagutzeko eta haien erabilerara ohitzeko. Bi prestakuntza mota eskainiko dira: birziklapeneko saioak, azaroaren 24tik abenduaren 9ra, eta hasierako prestakuntzak, abenduaren 10etik 17ra.

Izena emateko moduak

Herritar guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten, saioak goizez zein arratsaldez egingo dira, Kulturaten, Etxaluzen, Musakolan eta Toki Argin. Prestakuntzak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dira. Izena emateko, esteka honetan sartu eta norberari ondoen datorkion saioa aukeratu behar da. Bertan kontsultatu ahal izango dira egunak, ordutegiak, lekuak eta hizkuntza. Bestela, BAZ zerbitzura ere deitu daiteke, 943 25 20 00 telefono zenbakira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak