Arrasatek liderraren aurka galdu du Iturripeko azkenengo partidan

Julen Murua Mesonero

Hiru goleko aldeagatik galdu du Arrasatek Ordiziaren aurkako partida, 27-30. Etxekoen partetik Christopher Galan izan da jokalari nabarmenduena, 10 golekin. Iturripeko lanak direla eta kantxa horretan jokatuko duten azkenengo partida izan da arrasatearrentzat.

Partida oso gogorra jokatu dute arrasatearrek eta ordiziarrek. Liderraren bisita jaso dute Ane Herrerorenek, baina Iturripen jokatzea edozein talderentzat gogorra dela erakutsi dute arrasatearrek beti, eta Ordiziak ere ondo izerditu behar izan du bi puntuak lortzeko. Arrasateko kapitain Eki Letonak adierazi du "denboraldiko partida onenetakoa" jokatu dutela, nahiz eta hasieran "gaizki" kantxaratu diren. Hala ere, lortu dute egoerari buelta ematea eta atsedenaldira 11-13 iritsi dira.

Bigarren zatian "oso motibatuta" kantxaratu direla adierazi du Letonak, eta partida azkar baten berdindu eta gero, markagailuan aurretik jartzea ere lortu dute. Hala ere, azkenengo minutuetan ez dituzte erabaki onak hartu erasoan, eta kontrara, Ordiziak asmatu egin du etxekoen atean. Hala, kanpokoek markagailua irauli eta bi puntuak lortu dituzte Iturripen.

Iturriperi agur

Letonak adierazi du "pena bat" izan dela bi puntuak lortu ez izana Iturripe kiroldegian jokatu duten azkenengo partidan. Hala ere, nabarmendu du "gaur egungo jokalari guztien etxea" izan dela azkenengo 15 edo 20 urteetan eta "eskerrak" eman nahi izan dizkie partidak ikustera joan diren zale guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak