Hondora taldearekin ekin zioten aurtengo zikloari, eta gaur, egubakoitza, izango da azken kontzertua, Helena Haira biola-joleak, Maia Iribarne biolin-joleak, Maiana Aguerre biolin-joleak eta Amaia Hiriart txelo-joleak osatzen duten Ipar Euskal Herriko Habia laukotearen eskutik. Orain arteko emanaldien bidetik, Juan Arzamendi Musika Etxean (JAME) izango da, 19:30ean hasita. Sarrera bost euro da.
Folk doinuak nagusi
Hari-instrumentuen doinuak ahots-harmonia gozoekin uztartutako emanaldiak egiten ditu Habia laukoteak. 2019an abiatu zuten ibilbidea, eta, harrezkero, bi lan dituzte argitaratuta: Animalia naiz izenekoa argitaratu zuten 2021ean, eta aurten sortutako Omen izenekoa dute bigarrena. Azken hori oinarri edo abiapuntu hartutako kontzertua egingo dute gaur Arrasaten, herri-kantu ezagunak musikatutako errepertorioarekin.