50 urte geroago, Arizmendiarrietaren ondarea, biharko erronkei begira

Eki Letona Erretolatza

On Jose Maria Arizmendiarrietaren ondarea bizirik dago, baina etorkizunera begira jarraitzeko erronka badago. Mezu hori nagusitu da, gaur arratsaldean Amaia antzokian egindako urteurreneko ekitaldian.

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak antolatuta, Aurrera beti lelopean, kooperatibismoaren sustatzailearen heriotzaren 50. urteurrena gogoratu dute. Kooperatiben sustatzailearen ekarpena gogoratzeko eta pentsamendu hark gaurko gizarteari eragiten duenean hausnartzeko hitzordua izan da. 

Ekitaldian, besteak beste, Lourdes Idoiaga Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko presidentea, Pello Rodriguez Mondragon Korporazioko presidentea, Patxi Olabarria Euskadiko Kooperatiben Kontseiluko presidentea eta Imanol Pradales lehendakaria izan dira. Haiekin batera, Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Maider Morras Arrasateko alkatea izan dira, beste hainbat ordezkari instituzionalekin eta kooperatibistarekin batera.

Arizmendiarrieta gogoan

Pilar Kaltzada kazetariak gidatu duen ekitaldian, Idoiagak nabarmendu du ospakizunak ez duela iraganari begiratzeko ariketa hutsa izan behar. "Arizmendiarrietak hezkuntza eta pertsonen garapena eraldaketa sozialaren oinarri bihurtu zituen, eta egungo gizarteari ere erronka bera planteatu zion: Ez dugu iraun behar, berriz jaio baizik". 

Rodriguezek, berriz, etorkizuneko erronka teknologikoak eta sozialak izan ditu hizpide, adimen artifiziala eta digitalizazioa tarteko. "Enpresa lehiakorrak" sortzearen garrantzia aitortu arren, horien helburua pertsonen ongizatea eta gizarte-kohesioa sustatzea izan behar dela defendatu du: "Etorkizuna ez delako heredatzen, eraiki egiten da".

Olabarriak belaunaldi berrien parte-hartzea jarri du erdigunean. "Gazteek lanaren helburua ezagutu, erabakietan parte hartu eta benetako ahotsa izan nahi dute. Horregatik, kooperatibek parte-hartze eta lidergo ereduak berrikusi egin behar dituzte. Kooperatibak behar ditugu, baina, batez ere, kooperatibistak".

Pradalesek askatasunaren eta berdintasunaren arteko oreka lortzeko Arizmendiarrietak egindako ekarpena azpimarratu du. "Euskal tradizio demokratikoan, humanismoan eta auzolanean oinarritutako eredua sustatu zuen, pertsonak erdigunean jarrita". Egungo erronkei aurre egiteko, erantzukizun partekatuaren eta elkarlanaren garrantzia nabarmendu ditu: "Aieneak barik, ekintzak".

Emakumeen eta gazteen ekarpenak ere tarte berezia izan du arratsaldean, etorkizuneko kooperatibismoa eraikitzea mahai gainean jarrita. Musikak eta antzerkiak osatu du egitaraua, Gontzal Mendibilen eta Goikobalu abesbatzaren kantuekin. Amaieran, Arkaitz Gartziandia aktoreak Arizmendiarrieta gorpuztu du, sotanarekin, betaurrekoekin eta bizikletarekin: umorez, haren pentsamendua gaur egungo errealitatera ekarri dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak