Honako galdera hauekin bilatu dute muralaren sustatzaileek hausnarketa: "Zuk noiztik ez duzu egin? Noiztik ez duzu erabili? Zure egunerokotasunean baliagarria dela uste duzu? Zein esparrutan erabiltzen duzu? Adin kontua dela uste duzu? Plazerarekin lotzen duzu? Zer etortzen zaizu burura galdera hauek entzutean?".

Arrasateko hiru euskara elkarteek (ATE batzordea) Miau Estudioarekin elkarlanean, Euskararen Plazan helduak interpelatu nahi dituen murala egin dute: "Euskaraz jakin eta erabiltzen ez duten herritarrak hausnarketara bultzatzeko asmoz egina dago. Jakin badakigu bizi dugun garai honetan erraza dela euskara ez dakienari seinalatu eta errua botatzea. Bada garaia, euskaraz dakigunok dagokigun ardura eta konpromisoa hartzea. Eta mural honekin hori da hain zuzen ere aldarrikatu nahi dena".

ATE batzordearen oinarri zein den azaldu nahi izan dute: "AED elkartea, Ekin Emakumeak eta Txatxilipurdi elkarteak bat egiten duten gunea da. Hiru lantalde eta hiru zuzendaritza ezberdin izan arren, jatorri, bazkide eta oinarri berdinak dituzte. Herrigintzatik sortu ziren eta herrian eragiten jarraitzen dute. Hausnarketa gune bat da, baita horrelako elkarlan ezberdinak egosteko lekua ere".