Udalak 0 eta 2 urte arteko umeen gurasoentzako haziera eta haur masaje tailerra antolatu ditu; sei saio izango dira, astelehenetan (10:30-11:30), Txikitxokoan, hilaren 23an hasita. Sei saioko tailer honetan, besteak beste, haurraren garapena, atxikimendu-irudiarekiko harremana, mugimendu askea, norberaren eta inguruaren esplorazioa, gurasoen eta haurren arteko harreman-lotura eta gurasoen osasuna landuko dira.
Bestalde, 2 eta 6 urte arteko umeak dituzten gurasoentzako Haurrak ulertzen hitzaldia egongo da hilaren 23an, Kulturateko Loramendi gelan (17:00). Haurren garapena eta beharrak ulertzeko gakoak landuko dira, haurrekin harreman osasuntsuak, errespetuzkoak eta konfiantzazkoak eraikitzeko. Ondoren, gaian sakontzeko sei saioko "bizipen-tailerrak" antolatuko dituzte Arrasate Herri Eskolako Erguin gunean – lehen saioa, abenduaren 14an– eta Arizmendi Ikastolako Olarten –lehen saioa, azaroaren 30ean–. Tailerretan parte hartzeko, izena eman behar da: 943 25 20 07 edo izenemateak.arrasate.eus.