Jon Echeverria Arrasaten izan da, PPren mezua zabaltzen

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Jon Echeverria Arrasateko ekitaldian prentsari adierazpenak ematen. 

Gipuzkoako Alderdi Popularreko ordezkariek Arrasate bisitatu dute gaur goizean. Zaldibar pilotalekuaren erdialdean karpa bat jarri dute, eta bertan bildu dira alderdiko hamar bat ordezkari, tartean Jon Echeverria, Gipuzkoako zerrendaburua. Bisita Ertzaintzaren presentziarekin egin dute, baina ez da inolako istilurik izan.

Gipuzkoako Alderdi Popularreko ordezkariak hainbat herritan egiten ari diren bisiten barruan, Arrasaten izan dira gaur goizean, hauteskunde kanpainaren barruan. Ertzaintzako agenteek inguratuta, pilotalekuaren erdialdean jarri dute PP Gipuzkoa dioen karpa urdina, eta haren inguruan bildu dira alderdiko hamar bat ordezkari, tartean Jon Echeverria, Gipuzkoako zerrendaburua.

PPko ordezkariak Zaldibar Plazan.

Goizeko 11:00etan adierazpenak egin ditu Echeverriak, alderdi popularraren proposamen nagusietako batzuk azalduz. Besteak beste, oinarrizko produktuen BEZa %0ra jaistea proposatu du, baita Euskadin talentua mantentzeko eta kooperatiben hazkundea sustatzeko neurriak hartzea ere.

Oinarrizko produktuen prezioen garestitzea izan du hizpide, Hernanin gertatutakoari erreferentzia eginez. Izan ere, joan den larunbatean, herri horretan egindako bisitan, arrautzak bota zizkiotela adierazi zuen. Gertakari hura salatzeaz gain, Echeverriak ironiaz aipatu du arrautzen prezioa bikoiztu egin dela Pedro Sanchezen Espainiako Gobernuko presidentetzara iritsi zenetik.

Eibarren, Feijoorekin

Hernaniko gertakariaren ondoren, Alberto Nuñez Feijoo Alderdi Popularreko buruzagia eta Espainiako presidentegaia Eibarren izan zen martitzenean, Echeverriari "babesa adierazteko". Gipuzkoako zerrendaburuak jasandako "erasoa salatu eta haren aldeko elkartasuna erakutsi" nahi izan zuen Feijook.

Gaurkoan, berriz, Arrasatera ekarri dute alderdiaren mezua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak