"Bloke erreakzionarioari aurre egiteko tresna" EH Bildu dela aldarrikatu du koalizioak Arrasaten

Eneko Azurmendi Barrena

EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburu Oihana Etxebarrieta, Kulturaten, gaur.

Espainiako hauteskundeetako kanpainan EH Bilduk Debagoienean egin duen lehen ekitaldi nagusia izan da gaur, eguaztena, Kulturateko klaustroan egindakoa.

Kulturateko klaustroak aldarriz bete ditu gaur, eguaztena, EH Bilduren ekitaldi politikoak. Honako hauek hartu dute parte: Maider Morras Arrasateko alkatea, Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramailea, Olaia Duarte Senaturako hautagaiak, Oihana Etxebarrieta Gipuzkoako zerrendaburua Kongresurako, eta Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramailea Eusko Legebiltzarrean.

Koalizio abertzaleari botoa emanda, "munduan altxatzen hasi den esperantzaren olatuarekin" bat egiteko dei egin du Otxandianok. Etxebarrietak, halaber, EH Bildu "berme feminista" dela ziurtatu du. "Hartara, ezker subiranistari emandako botoa matxismoari aurre egiteko eta erreakzionarioei aurre egiteko bermerik onena da", gehitu du.
 
 Azaroaren 29an bi aukera daudela nabarmendu du Otxandianok. "Aurrera egitea edo atzera egitea. Eskubideak eta askatasunak zabaltzen jarraitzea edo garai ilunetara itzultzea. Guk badakigu zer hautatzen dugun, eta argi diogu lehia EH Bilduren eta bloke erreakzionarioaren artean dagoela. Argi dugu EH Bildu dela bloke erreakzionarioari aurre egiteko tresna".
 
PPk eta Voxek oposizioan segi dezaten "boto eraginkor bakarra" koalizio abertzalearena dela argi izanda, "kontzientziaz" bozkatzeko eskatu du. "Badakigu oraindik jokoan dauden eserlekuak EH Bilduren eta bloke erreakzionario horren artean lehiatzen direla. Beraz, eskatzen dizuegu botoa emateko eskubidea ikuspegi estrategiko batekin erabiltzeko eta, hortaz, eskuin muturra geldiarazteko balioko duen boto eraginkorra emateko".

"Matxismoari aurre egiteko" botoa

Ezker subiranistari emandako botoa "matxismoari aurre egiteko eta faxistei eta erreakzionarioei aurre egiteko bermerik onena" da, Etxebarrietaren esanetan. "Eskuinaren aurrean, emakume guztientzako eskubide gehiago. Berme feminista gara abortatzeko eskubidea blindatzeko edo indarkeria matxistaren biktimen babesa indartzeko", azaldu du.

Modu horretan, emakume guztiak, gazteak zein helduak, EH Bildu bozkatzera deitu ditu. "Boto horrek bikoitza balio duelako: matxistei aurre egiteko balio du, baina, horrez gain, politika feministak eta berdintasun-politika ausartagoak bermatzen ditu. Emakumeok ez dugu atzerapauso bakar bat ere emango. Elkarrekin indartsuak gara eta bloke erreakzionarioari partida irabaziko diogu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak