Bertako produktuak, ekoizleak eta babak-jana protagonista azaroaren 21eko azokan

Jokin Bereziartua Lizarazu

Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasle bat 2024ko azokan, babak eskuetan. 

Arrasateko hirugarren zapatuko azokak 18 ekoizle eta bost artisau bilduko ditu azaroaren 21ean Seber Altube Plazan (09:00-13:30), eta tokiko elikadura eta lehen sektorea herritarrengana hurbiltzeko hainbat ekintza egingo dira, hala nola, baba dastatzea eta Josu Pedruzoren eskutik ekoizleei elkarrizketak. 

Azaroaren 21ean, azokak ohiko eskaintza osatuko duen ekintza bereziak izango ditu. Karanketan ekimenaren baitan eta Arrasateko Elikadura Mahaiak sustatuta, tokiko elikaduraren balioa, lehen sektorearen garrantzia eta bertako ekoizleen lana herritarrengana hurbiltzea izango da helburua.

Babak eta elkarrizketak

Zapatu honetan azokak 18 ekoizle eta bost artisau bilduko ditu. Horrez gain, herritarrek hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango dute. Batetik, Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek Arabar Lautadako 14 kilo baba pinta prestatuko dituzte, ondoren herritarren artean dastatzeko. Bestetik, Josu Pedruzok dinamizatuta, azokako ekoizleekin elkarrizketak egingo dira, haien lana, esperientziak eta eguneroko jarduna gertutik ezagutzeko.

Ekimen honen bidez, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana indartu nahi da, eta herritarrak tokiko elikaduraren, kontsumo ohituren eta lehen sektorearen inguruan hausnartzera gonbidatu. Karanketan Arrasateko Elikadura Mahaiak sustatutako sentsibilizazio proiektua da, tokiko elikadura eta ekoizpen eredu jasangarriagoak herritarrengana gerturatzea helburu duena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak