Mondragonek eta ONCEk elkarlanerako akordioa sinatu dute

Eneko Azurmendi Barrena

Miguel Carballeda eta Pello Rodriguez, akordioa sinatu ostean. (Argazkia: Mondragon Taldea).

Bi erakundeetako presidenteek sinatu dute akordioa, ekintzailetza irisgarritasun arloko ekintza inklusiboak oinarri hartuta, baita berrikuntza sozial eta teknologikoari lotutakoak ere.

Mondragon Taldeak eta ONCE erakundeak lankidetza areagotuko dute desgaitasuna duten pertsonen laneratzearen arloan, negozio-aukera berriak, enpresa-proiektuak eta elkarlanean egindako garapen teknologikoak bultzatuz. Miguel Carballeda ONCEko presidenteak eta Pello Rodriguez Mondragon Taldeko presidenteak sinatu dute akordioa.

Bi erakundeek 150.000 langile baino gehiago dituzte. Akordioaren bidez, laneratzen lagunduko dute, hautaketa-prozesuen eta talentua kudeatzeko prozesuen bidez, baita desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu-ibilbideak sortuz ere. Hain zuzen, horiek gidatutako enpresa-ekimenak babestuko dituzte, eta desgaitasuna duten pertsonen laneratzea bultzatuko dute.

Carballedaren ustez, "oso hitzarmen garrantzitsua" da bi korporazioen intereserako, baina, batez ere, "pertsona askoren intereserako, batez ere desgaitasuna duten pertsonen intereserako". Rodriguezek, halaber, nabarmendu du "herritarrek eskatutakoari erantzuten dioten proiektu indartsuekin, gizartea elkarrekin zerbitzatzeko" balio duen akordioa dela.

Gainera, Mondragonek ONCEren Enplegua Laguntzeko Zerbitzua erabili ahal izango du, itsutasuna eta ikusmen-urritasun larria duten pertsonek bete ditzaketen Erakundeko Afiliatuen Lan Poltsan eskaintzak argitaratzeko.

Mexikon aukerak aztertzen

Arlo akademikoan ere sustatuko dute elkarlana eta, era berean, bi erakundeek proiektu bateratu baten garapena aztertuko dute Mexikon, Mondragoneko kooperatibek herrialde hartan duten "esperientzia zabala" aprobetxatuz. "Ekimen horri esker, ONCEk gizarteratzeari, irisgarritasunari eta laguntza-teknologiei buruz duen ezagutza gizartean eragin handia duen ingurune batera eraman ahal izango du", gaineratu dute. Azkenik, Mundukide Fundazioarekin lankidetza-ekintzak egin ahal izango dituzte, boluntariotza sustatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak