Joseba Lopez: "Ateak itxi zaizkit hemen, baina ez da bizikleta uzteko momentua; ilusioz noa Txinara"

Xabier Urtzelai

Joseba Lopez ziklista arrasatearra, aurtengo Itzuliaren hasieran. Argazkia: Caja Rural Seguros RGA

Ziklista arrasatearrak China Anta-Mentech Cycling Team taldearen maillota jantziko du 2027an.

Joseba Lopezi (Arrasate, 2000) txirrindularitzako langile izatea egokitu zaio. Fokuetatik kanpoko lana izaten da hori, aurreko postuen borrokan ibil daitezkeen horiei laguntzekoa. Caja Rural Seguros RGAn egin dituen lau urteetan horretan espezializatu da, dagokion rola onartuta. Lehen ere zeregin horretan izan dira bailaran espezialistak; Markel Irizar eta Ivan Velasco, aurreko belaunaldiko batzuk aipatzearren. Baina egungo txirrindularitzak ziklista bakoitzak lasterketetan eskuratzen dituen puntuak saritzen ditu, eta tropeleko langileentzat sari gutxi egoten da hor. Eta talde batzuk desagertzen dabiltzan honetan, punturik ez duten horiek zigortzen dituzte gehien. Hori horrela, amorerik eman gabe bere ametsa lortzeko borrokan jarraitzeko erabakia hartu du arrasatearrak; izan ere, ate batzuk ixteaz batera, askotan, beste batzuk zabaldu egiten dira.

Azaroan murgilduta gauden honetan, zelan harrapatzen zaitugu, oporretan?

Denboraldia amaitu dugu jada, baina ez naiz geldi egoten dakien horietakoa, kirola egiten jarraitzen dut. Bizikleta gainean garbi dago ez ditudala entrenamendu saioak bete behar, baina gustatzen zait beste txip batekin errepidera irtetea. Horrekin batera bestelako kirol jarduera batzuk ere egitea gustatzen zait; korrika egitea, esaterako. Aurrekoan Antxintxika Krosa egin nuen lagunekin, Caja Ruraleko zenbait ordezkari etorri ziren, eta, azkenerako, estutu ona hartu genuen; kar-kar. Eta bai, gustura ibili ginen.

Aurrera begira jarri aurretik, Joseba, zer moduz joan da 2026a?

Urte ona izan da. Oso egutegi polita izan dut; Itzulia lehiatu ahal izan dut, Ardenetan eta beste lasterketa garrantzitsu batzuetan egon naiz, baita klasiko garrantzitsuetan ere. Taldeak jarritako helburuak betetzen joan gara eta neure burua tropeleko erritmoaren barruan ikusi dut, zenbaki onak egin ditut. Gainera, badakigu zein den talde barruan egin beharreko lana, eta arlo pertsonalean egindako lanaz gustura geratu naiz. 

"Errepidean eman dudan mailarekin gustura geratu naiz; besteentzat lan egitea da gure rola"

Caja Ruralek, baina, 2027ra begira ez dizu kontratua berritu.

Ez, eta horren berri izan nuenean ezustea hartu nuen, ez nuen halakorik espero. Aitortuko dizut azken bi hilabeteak gogorrak egin zaizkidala. Batetik, urtean zehar taldetik esan izan didatelako pozik zeudela egiten ari nintzen lanarekin, baina, ondoren, ikusi dut agintzen dutenek beste asmo batzuk zituztela. Hor eragina izan du zenbait talderen desagerpenak. Gurean, esaterako, Kern Pharmaren desagerpenak ekarri du zenbait txirrindulari on talderik gabe geratzea, eta punturik ez genuen txirrindulariak saldu samar geratu gara. Gogorra da ikustea besteendako egindako lanak ez duela saririk izaten; ez da justua, baina halaxe daude kontuak... Txirrindularitza merkatua ez dago batere ondo, eta hori barneratu behar izan dut.

Talde gabe geratuko zinela ikustean, hasieratik izan duzu Asiara joateko asmoa?

Ate asko jo ditut, talde askorekin egin dut berba. Europa mailan talde bat baino gehiago desagertu da, Belgikan, Herbehereetan... ez da erraza. Portugalera joatea ere bazen aukera bat, baina merkatu itxia zela ikusten nuen. Eta China Anta-Mentech Team taldeko ordezkariekin berba egin nuenean eta ikusi nuenean nire baldintzak onartzen zituztela... aurrera egitea erabaki nuen. Izan ere, errepidean egin dudan urtearekin, garbi neukan ez zela txirrindularitza uzteko momentua, oraindik ez.

Txinara joatea zer da, erronka profesional bat ala abentura bat?

Biak, esango nuke. Txirrindulari moduan eboluzionatzen jarraitu nahi dut, ziklista hobea izatea da helburua. Baina, zalantza barik, honek guztiak asko dauka abenturatik ere, eta horrek ere erakartzen nau.

"Europan ziklisten merkatua zailtzen dabil, taldeak desagertzen dabiltzalako"

Zer esan dizute etxean? Eta lagunek?

Hasieratik izan dut etxekoen babesa, eta hori asko eskertzen dut. Uste dute bizi-esperientzia moduan aberasgarria izango dela, eta nik ere garbi daukat hori. Lagunak hasieran harrituta geratu ziren. Egia da ez zutela informaziorik; alegia, ez nien kontatu taldearekin ez nuela kontratua berrituko, eta Txinara noala esan diedanean betiko esaldia entzun behar izan dut: "Erotuta zaude? [Barre]". Baina, ondoren, ikusi dute zelako ilusioarekin egin diedan berba proiektu berriaz, eta animatu egin naute. Bereziki azken hilabeteotan zalantza asko izan dut buruan, ezegonkortasun galanta. Poltsikoko telefonoa daukat Txinako, Errumaniako, Japongo, Filipinetako edota Malaysiako kontaktuz beteta, nire kabuz ibili naizelako talde bila. Eta orain, jakinda denboraldi berria non hasiko dudan, lasaitu egin naiz. Orainaldiaz gozatu nahi dut, hor jarri arreta. Eta ez pentsatu horrenbeste etorkizunean. Etorri behar dena etorriko da, baina baikor nago.

Zelako taldea da China Anta-Mentech Team?  

Talde berria da, baina bertako zuzendariek badute txirrindularitzan eskarmentua. Guztira hamalau ziklista izango gara, eta Continental mailako talde bat izanda, hori asko da. Hala, hamalau ziklista horietatik sei Txina kanpokoak gara, eta kopuru hori ere handia da. Hango zuzendariek badakite Txina kanpoko ziklistek zer behar dugun gustura egoteko, eta hori ere baloratzekoa da. Lasterketa asko Txina barruan UCIk dituen probak izango dira, eta Turkian eta Malaysian ere lehiatuko gara.    

"Txinan asko
baloratzen dute
kanpotarrek dugun
esperientzia; hazten
jarraitzea da asmoa"

Zer eskatzen diozu lehenengo urte honi?

Batetik, kirolari profesional batek beti eskatzen dituen horiek: minik ez hartzea, gaixotasunek errespetatzea... Baina errepidean maila ona emateaz eta taldean ekarpena egiteaz batera, garrantzitsua izango da taldearekin hartu-eman ona izatea, eta ondo komunikatzea. Nahiz eta aldaketak beti egoten diren, egutegi egonkorra izatea. Esaterako, Txinatik etxera itzuli eta bi egunera berriz hegaldi bat hartu behar ez izatea hara itzultzeko. Hemengo taldeetan ere gertatzen dira halakoak, baina Europan zaude... Bestalde, kanpotik datozen txirrindulariei harrera ona egiten diete han; errepidean eman dezakegun mailaz gain, daukagun esperientzia baloratzen dute asko, hemengo lasterketa garrantzitsuetan parte hartu ahal izan dugulako. 

Txinan txirrindularitza asko dabil hazten...

Bai; Txinara lehiatzera joatea zentzu askotan da erakargarria. Gero, errealitateak erakutsiko digu erabaki ona izan den ala ez, baina probatzera noa. Zurrumurruak daude Txinan badabiltzala UCI Pro Tourrerako talde bat prestatzen... 2028an Pro Team talde bat egongo da jada... Geroago eta bizikleta gehiago egiten dituzte han, eta merkatu handia da. Tren hau ezin dut galdu.

Zer daukazu buruan? Txinako egonaldia Europara itzultzeko baliatzea, ala... 

Ikusiko dugu... Badira Txinan egon eta gero Europara lehiatzera itzuli direnak; esaterako, Jon Aberasturi. Baina ezagutzen dut euren kirol ibilbideari Txinan jarraipena eman diotenak ere, eta han gustura egon direnak. Txirrindularitzatik harago irakasle ikasketak amaitzeko gutxi falta zait, eta ondoren INEF ikasi nahiko nuke [Kirol Zientzien Gradua]. Eta osabak txantxetan esaten dit: "Badakizu Txinan zenbat pertsonak behar duten entrenatzaile bat?" [Barre]. Orain momentuan burua Txinako erronkan izan nahi dut, fokua hor izan, esperientziaz gozatzeko modu bakarra hori delako.

Non biziko zara Txinan? 

Gauza positiboetako bat da taldearen egoitza nagusia Cantonen dagoela, eta baditut lagunak Txinan hemengo enpresentzat lanean dabiltzanak. Egia da han ere distantziak handiak direla, baina lagunak gertu izatea beti da lagungarria. Hala ere, Txina barruan batera eta bestera ibiliko gara lasterketak lehiatzen, eta egonaldi horiek hoteletan egingo ditugu. Eta, ahal dugunean, etxera etorriko gara.

Aurtengo negua berezia izango da? 

Bai, eta, beste urte batzuekin alderatuta, txipa aldatu egin behar dut. Txinan Europan baino beranduago hasten dute denboraldia, otsailean egin behar dut lehenengo bidaia hara, eta gu ohituta gaude urtarrilerako lehenengo lasterketak izatera. Alegia, negua beste patxada batekin hartu behar dut, eta gorputza indartzeko aprobetxatu. Nire kabuz entrenatzaile batekin hasi naiz lanean, eta dagoeneko denboraldiaurreko lanak egiten hasi gara. Garbi daukat ondoko txirrindulariekin alderatzen hasten banaiz urduri jartzen hasiko naizela, eta ez zaigu halakorik komeni. Horregatik diot burua orainean izan nahi dudala, ondokoak egiten dabiltzan horri begira egon barik gauzak lasaiago prestatu, eta bideaz gozatu.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak