Lau eta Erdikoa etxean errematatzea geratzen zaio Ander Muruari

Xabier Urtzelai

Ander Murua eta Jokin Altuna, atzoko pilota aukeraketan, Uarkapen. Argazkia: @aspepelota.

Lau eta erdiko txapelketako finalera sailkatzeko aukera galduta, Ander Muruak eta Jokin Altunak elkarren kontra jokatuko dute domekan (17:15) hirugarren sailkatua nor izango den erabakitzeko jaialdian, Uarkapen.

Joan den domekan, Ogetan, Zabalaren aurka, Lau eta Erdiko finalerako sailkatzeko aukera galdu zuen Ander Muruak (22-11), eta oraingo domekan, hilak 15, etxeko zaleen aurrean atera ahal izango du arantza (Uarkape, 17:15), hirugarren edo laugarren postuan sailkatzeko partidua izango du eta. Aurrean ez du kontrario makala izango, Altuna III.a da-eta finalerdietan aurrera egin ez duen beste pilotaria.

Elkar ondo ezagutzen duten bi pilotari

Jokin Altunaren eta Ander Muruaren arteko partidua berezia izango da. Askotan entrenatu dute elkarrekin, Arrasatekoa amateur mailako pilotaria zenean ere askotan entrenatzen zuelako Jokinekin, eta ordutik dute harreman ona. Eguenean egindako pilota aukeraketan biek ala biek nabarmendu zuten domekako partidua berezia izango dela, eta Altuna III.a faborito nagusia bada ere, garbi dauka arrasatearrak gauzak ondo egiten baditu gauzak zail jarriko dizkiola. Domekan 17:15ean hasiko den jaialdian, arratsaldeko lehen partiduan Senar eta Iztueta Rekalderen eta Rezustaren kontra lehiatuko dira. Sarrerak 20 eta 30 euro artean daude, hemen salgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak