Literatura solasaldiak: mende laurden irakurzaletasuna sustatzen

Eki Letona Erretolatza

Ño euskal komikiaren egileekin solasaldia martitzenean, azaroak 10ean.

2001ean hasi ziren, Monterron jauregian, liburutegia bertan zegoela, eta "nahi gabe" ohartu dira 25 urte bete dituztela.

Urteurrenaren berri aurtengo saioak prestatzen ari zirela izan dute, eta, ospakizun berezirik antolatu ez duten arren, gonbidatuen eskaintza zabaltzea erabaki dute: idazle, marrazkilari eta itzultzaile gehiago gonbidatuko dituzte saioetara. Hauxe esan du Udal Bibliotekako zuzendariak, Asun Agirianok: "25 urte betetzeak asko pozten gaitu". Ez dute ekitaldi berezirik antolatu, baina ez dute baztertu datorren urtean zerbait egitea.

Urte hauetan irakurleen profila aldatu egin dela nabarmendu du Agirianok. Horregatik, liburuen egileez gain, marrazkilariak, komikigileak eta itzultzaileak ere gonbidatzen saiatzen dira, "eskaintza ahalik eta zabalena izan dadin". Gaur egun, solasaldietako irakurleek gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesezko zenbait liburu ere eskatzen dituzte; liburutegiak, aukeratutako liburuaren hainbat ale jartzen ditu maileguan.

Egileekin hitz egiteko aukera

Urteurrenaren harira, aurten gonbidatu gehiago izango dituzte saioetan. Martitzenean, esaterako, Ño euskal komikiaren inguruan aritu ziren. Komikiaren gidoilaria eta marrazkilaria izan ziren irakurleekin solasean: Miren Artetxe eta Maitane Gartziandia. Azaroaren 19an, berriz, Hedoi Etxarte idazlea izango da, euskarazko irakurketa taldean. Parte-hartzaileak Izen baten promesa liburua irakurtzen ari dira. Solasaldi guztiak 18:00etan egiten dituzte, Jokin Zaitegi gelan. "Askoz urte gehiago jarraitzea espero dugu, eta jendea etortzera animatzen dugu", adierazi du Agirianok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak