Akustikotik elektronikora jauzia Oreixe Akustikoaren azken txanpan

Eki Letona Erretolatza

Hondora taldearen kontzertua, Oreixe Akustikoa zikloaren barruan, irailaren 11n.

XVIII. Oreixe Akustikoak azken txanpari ekingo dio gaur, egubakoitza, Rob Leines musikari estatubatuarraren kontzertuarekin. JAMEko auditoriumean izango da emanaldia, 19:30ean. Rock amerikarra eta countrya uztartzen ditu Leinesek, eta hirukote elektriko formatuan arituko da. Zikloko antolatzaile Karmelo Alberdik azaldu duenez, "sarreren salmenta ondo doa" eta espero du gaur ere "sarrera polita" izatea.

Azaroaren 20an izango da zikloko azken emanaldia, Habiak taldearen eskutik. Hala, gaurko kontzertua XVIII. Oreixe Akustikoaren azken-aurrekoa izango da. Irailaren 11n hasi zen aurtengo edizioa, eta zazpi emanaldi programatu dituzte guztira, aurreko urteetako formatuari buelta emanda; izan ere, kontzertu guztiak bi asteburutan beharrean, irailetik azarora bitartean banatu dituzte.

Alberdiren hitzetan, orain arteko balorazioa "positiboa" da; batez ere, alderdi artistikoari dagokionez. Publikoaren erantzuna, ordea, aldakorra izan da: "Gutxien izan ditugun emanaldian 40 bat pertsona egon dira, eta aurreko barikuan, Garazirekin, 100 pertsonatik gora". Hala ere, antolakuntza gustura dago eskaintzarekin: "Aukera egon da talde hasiberri edo ezohiko batzuen lana ezagutzeko, eta nik uste dut orokorrean publikoa gustura geratu dela".

Formatu berriari jarraipena

Aurtengo edizioaren berrikuntza nagusia kontzertuak denboran banatzea izan da: "Irail hasieran hutsune bat ikusten zuten herriko kultur eskaintzan, baina azken urteotan eskaintza handitu egin da. Iraileko asteburuetan gaur egun eskaintza handia dago, eta ez ditugu beste batzuk zapaldu nahi".

Horregatik, aurten, kontzertuak irailetik azarora bitartean banatu dituzte. Oraindik behin betiko balorazioa egiteko goiz dela dio Alberdik, baina, haren iritziz, formatu berriak aurrekoak baino hobeto funtzionatu du: "Irailean egin genituen kontzertuetara jende gutxiago joan zen, eta urrikoek eta azarokoek hobeto funtzionatu dute. Dena den, uste du iraileko datetan jendeak nahiago izaten duela kalean egiten diren ekintzetan parte hartu".

Datorren urteari begira, formatu berriarekin jarraitzeko asmoa dute, baina datak eta banaketa aztertu egin beharko dituzte. "Ez dakigu irailean hasita edo, hasiera atzeratuta, urritik aurrera egin. Hori baloratu egin beharko da, izan dugun erantzuna ikusita. Printzipioz, banatuta egiten jarraitzeko asmoa dugu, eta ez kontzentratzea bi asteburutan", azaldu du.

Rock amerikarra gaur

Gaurko protagonistari dagokionez, Rob Leinesek rock amerikarra eta countrya uztartzen ditu, eta hirukote elektriko formatuan etorriko da. Alberdik aitortu du proposamena ez dela Oreixe Akustikoaren ohiko estilokoa, baina aniztasunaren aldeko apustua egin dutela: "Nahiko potentea da, elektrikoa. Beste batzuetan ere formatu kañeroagoak ekarri ditugu, eta funtzionatu dute".

Gainera, espero du gaurko kontzertuak zikloaren ohiko publikoaz bestelako entzuleak erakartzea: "Oreixek badauka bere publiko finkoa, adin batekoa, lasaiagoa, eta espero dut gaurko kontzertura beste jende mota bat ere joatea".

Habiak, azkena

Zikloa azaroaren 20an amaituko da, Habiak taldearen kontzertuarekin. Ipar Euskal Herriko taldeak folk doinuak ekarriko ditu Arrasatera. Antolatzaileak azaldu duenez, taldeak maiatzean beste ziklo batean jotzeko aukera zuen, baina gaixotasun baten ondorioz ezin izan zuten orduan etorri; azkenean, Oreixe zikloan sartzea erabaki zuten. "Kontzertu polita izango da, eta zikloaren ezaugarriekin bat datorren estiloa: folka".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak